Tentsio handiko hiri izendatzeko bidean, urrats berriak proposatu ditu EH Bilduk
EH Bilduk mozio arrunta aurkeztuko du ostegunean, etxebizitza alorrean urrats berriak emateko ahaleginduz. Koalizioaren helburua Donostia tentsio handiko hiri izendatzea izanik, “ulergaitza” egiten zaie udala bide horretan atzeratzea: “Legea onartu zenetik ia urtebete igaro ondoren, zain gaude: EAJk epeak luzatu baino ez ditu egin”.
EH Bilduren proposamena da, mozio baten bidez, Eusko Jaurlaritzari eskatzea etxebizitzaren prezioen indizeak egin eta argitara ditzala, foru aldundiekin lankidetzan, hori baita tentsio handiko eremu izendatzeko lehen urratsa.
Bestetik, HAPOa eztabaidagai dagoen honetan, hainbat neurri eramango dituzte eztabaidatzera. Proposatuko duten neurrien artean dago eremu aseak Amara, Egia, Ategorrieta eta Intxaurrondo auzoetara zabaltzea, “olio-orbanaren” eragina errealitate bat delakoan: “Ez da nahikoa Erdialdea, Parte Zaharra, Gros eta Antigua babestea”.
Bestetik, turismoak sortzen dituen arazoei aurre egin asmoz, antolamenduz kanpokotzat jo nahi dute “lehen solairuaren gainetik dagoen ostatu erabilera eta, edozein kasutan, bizitegi erabilerako solairu baten gainetik dagoena”. Zehaztu dutenez, “baldintza hori betetzen ez duten erabilera turistikoko etxebizitzak ez finkatzea da xedea”.
Eduki ekonomikoarekin, zuzenketa bat egitea proposatzen dute, Etxegintzari lurzorua edo eraikin degradatuak erosteko 4,5 milioi (1,5 milioi 3 urtean) ekarpena jasotzen duena.
Amara kaleko eragiketa urbanistikoari buruzko zuzenketa batzuk aurkeztuko dituzte. “Hala, Udal Gobernuak Amara kaleko hiru udal eraikinetako orubea 7,5 milioi euroren truke saldu nahi du, eta etxebizitza guztiak libreak izango dira. Horietako bakarra saltzea proposatzen dugu EH Bildutik, eta irabazitakoarekin Etxegintza finantzatzea babes ofizialeko 20 etxebizitza eraikitzeko leku horretan bertan (20 etxebizitza babestu eta 10 libre da gure proposamena; 30 etxebizitza libre da EAJ-PSE Udal Gobernuak proposatzen duena)”.