Udala TAO itsasgarriak berriz ere emateko aukera ari da aztertzen
Eneko Goia alkateak sare sozialetan azaldu duenez, TAO itsasgarriak berriz ere emateko aukera aztertzen dabil Donostiako Udala. Antza denez, iazko ekainean, Loiola eta Aieten TAO sistema ezarri zutenean, udala eremu horietako bizilagunei itsasgarriak emateari utzi zion. Ekonomikoki aurrezteaz gain, kontrolatzaileek autoak berrikusteko dituzten erraztasun teknikoak direla medio hartu zuen erabakia, eta itsasgarriak desagertzen hasi ziren. TAOa duten auzoetako bizilagun asko, baina, kexu dira, ezinezkoa baitute egoiliarrentzako tarte zehatzetan aparkatzeko eskubiderik ez duten autoak antzematea.
Bestalde, udala kostaldeko eremuak autokarabanaz ez betetzeko formulak aztertzen ari da. Iaz, kostaldeko eremuak egoiliarrentzat gorde ziren autokarabanak saihesteko, baina kexak ere ugariak izan ziren gainerako bizilagunen aldetik, ezin izan zutelako gauez aparkatu eremu arautu horietan.