120 emanaldi eskainiko ditu Klasikoak programak
Klasikoak programa aurkeztu dute, gaur, Tabakalerako zinema aretoan, Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiaren zuzendariak eta Jose Luis Rebordinos Zinemaldiaren zuzendariak. Bi erakunde hauek elkarlanean aritu dira programa honetan aurkeztuko diren 120 proiekzioak antolatzen, eta klasiko zaharrak zein modernoak diren 50 film ikusgai egongo dira, apirilaren 5etik aurrera, Tabakaleran.
Fernandezen iritziz, “klasikoak zikloari esker, garai guztietako zinema ekarriko dugu gaurko egunera, eta, hein handi batean, nazioarteko beste zinemateka batzuekin izaniko lankidetza sareari esker izango da posible”.
“Zinema beste arteak baino gazteagoa da, baina klasikoak ere baditu”, azaldu du Euskadiko Filmategiaren zuzendariak eta gaineratu du “funtsezkoa” dela sortu zireneko baldintzetan eskuratu ahal izatea.
Halaber, Rebordinosek aurkezpenean azaldu duen moduan, erakunde hauek, beste batzuekin batera, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Aldundia eta Donostiako Udala, besteak beste, “egunero elkarlanean” daude eta atzetik datorren kolaborazioaz aritu da, lan egiteko modu integrala eta epe luzekoa aldarrikatuz.
Fernandezek, zinema klasikoaren garrantzi historikoa goraipatu du: “film hauek ezin dira ikusteari utzi eta berraurkitutako tituluak gogora eta orainera ekartzen jarraituko dugu”. Zinemaldiko zuzendariak euskal zinema klasikoarekin garrantziaz aritu da, eta lanean ari direla “euskal zinema klasikoa berreskuratzeko” azaldu du.
“Proposamen kanonikoen” artean, nabarmentzekoa da datorren apirilaren 5ean Tabakaleran zikloa abiaraziko duen filma: Modern Times (1936), Charles Chaplinen lan gailenetako bat eta haren azken film mutua, Boloniako Zinematekak zaharberritu duena.
Denboran eta espazioan luzatutako jaialdia
Euskadiko Filmatefiak Lumiere Saioak izenburupean antolatu ditu emanaldiak Donostiako Tabakaleran. Gasteizen, Bilbon, Iruñean eta Donibane Lohitzunen ere antolatu dituzte emanaldiak. Horretaz gainera, beste bi ziklo izango dira irailean, Donostian Zinemaldiaren esparruan: polizia generoa eta Klasikoak saioak izango dira nagusi.
Sarrerak Internet bidez eta emanaldi aretoan bertan erosi ahal izango dira.