'Atzokoak gaur: txokolategintza' antolatu du martxoaren 23tik apirilaren 7ra San Telmo Museoak
Erakustaldiak, txokolate dastaketak eta tailerrak antolatu ditu museoak, eta Rafa Gorrotxategi bertan izango da publikoaren aurrean lanean eta ogibideaz mintzatzen.
San Telmo Museoak Atzokoak gaur: txokolategintza programa eskainiko du martxoaren 23tik apirilaren 7ra bitartean, eta Rafa Gorrotxategi bertan izango da, erakusketa, tailer eta bestelako jardueretan parte hartzen, publikoak bere lana ikusteko eta lanbideaz mintzatzeko aukera izan dezan.
Klaustroan ikusgai izango dira txokolategintzari lotutako 30 bat pieza: osagaiak, lanerako erremintak, txokolatea egiteko prozesua erakusten duen bideo bat, eta hainbat objektu txokolatearen salmenta eta kontsumorako. Guztiak Rafa Gorrotxategiren bildumakoak dira, eta txokolategintzaren prozesua “artisau modura nolakoa den” azaltzen dute, “pausoz pauso, fruitu eta hazietatik hasi eta salmentaraino”, azaldu du San Telmo Museoak webgunean eskainitako azalpean.
Gaur egun, “beste bizi filosofia bat daramaten artisau produktuen eta produktu naturalen aldarrikapen bat” ikusten ari garela nabarmendu du museoak. Zentzu honetan txokolategileek bere lanbidea egokitzen joan dira, teknika berriak garatuz, hainbat kakao hautatuz eta osagai berriekin esperimentatuz, ” bere lanbidea bizirik mantentzeko eta egungo gastronomiaren azken joerei erantzuna emateko”.
Adin tarte guztietako jarduerak
Erakustaldiak martxoaren 28an eta apirilaren 2an egingo dira, arratsaldez, eta bertan ibiliko da Gorrotxategi, publikoaren aurrean, bisitariei bere lanbideari buruzko informazioa eskaintzen, euskaraz eta gaztelaniaz.
Txokolate katak apirilaren 6an izango dira eta bi saio egingo dira: 17:00etan familientzako eta 19:00etan helduentzako. Azkenik, haurrentzako tailerrak, 5 eta 8urte bitarteko umeei zuzenduta, apirilaren 2, 3, 4 eta 5erako antolatu dituzte. Honen helburua txokolatearen historia hobeto ezagutzeko jolasak eta sormena lantzeko eskulanak egingo dituzte.
Museoa asteartetik igandera irekita dago, 10:00etatik 20:00tara, martxoaren 23 eta 24 izan ezik, museoak 19:00etan itxiko dituela bere ateak. Sarrerak eta prezioak jardueraren araberakoak izango dira, batzuk doakoak eta beste batzuk lau edo hamar eurokoak izanik.