Egitarau propioa prestatu du Gazte Euskaltzaleen Sareak Korrikaren bueltan
Gazte Euskaltzaleen Sareak parte hartuko du 23. Korrikan, Donostian lekukoa hartuta, eta egitarau propio bat prestatu du horren harira. “Kilometro hau Harrotu, Errotu, Saretu dinamikaren baitan antolatu dugu, gazteon papera euskararen borrokan azpimarratzeko eta gazteen aktibazioa euskararekiko hauspotzeko. Bertan gazte eragile desberdinak parte hartzera deitu nahi ditugu, baita beraien aldarriak ekartzera ere”, azaldu du sareak.
Hain zuzen ere, IRUTXULOKO HITZAren eskutik jasoko du Gazte Euskaltzaleen Sareak Korrikako lekukoa, Santa Katalina zubiaren hasieran, 21:23ean. Lekukoa hurrengo eragileari pasatu bezain laster —Tabakalerari pasatuko diote—, 21:30ak aldera, trikipoteoan abiatuko dira zubitik bertatik Parte Zaharrerantz. Ondoren, gauerditik aurrera, La Fulana DJ donostiarra arituko da Ikatz kaleko Herria tabernan.