Kalera atera dira ikasleak negozioen eta inposizioen hezkuntzari kontra eginez
Bigarren hezkuntzako, lanbide heziketako eta unibertsitateko ikasleek greba egin dute gaurkoan, Ikasle Abertzaleak deituta. Manifestaziora deia ere egin dute ikasleek eta 12:00etan abiatu dira Bulebarretik, eta Trinitate plazan amaitu dute amaierako ekitaldi batekin. Inposizioen eta negozioen menpeko hezkuntzari aurre egitea da haien helburua, eta hezkuntza sozialistaren beharra aldarrikatu dute.
Doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izango den hezkuntza sistema sozialista da haien aldarrikapen nagusia. Halaber, enpresarien negozioen aurrean hezkuntzaren erabateko doakotasuna —doako matrikulak, masterra eta garraioa, besteak beste—, politikaren inposizioaren aurka hezkuntzaren gaineko langile kontrola, errepresio polizialaren eta autoritarismoaren aurrean eskubide politikoak aldarrikatu dituzte.
Ikasleek ongizatea eta garapen askea lehen lerroan jarri nahi izan dute grebaren eta mobilizazioen bitartez. Azkenik, erasorik ez dutela onartuko nabarmendu dute ere, eta euskaraz ikasteko eskubidearen aldeko borroka defendatu dute.