Donostiako Udalak 484,7 milioi euroko aurrekontua onartu du
Donostiako Udalak 2024ko aurrekontua onartu du gaurko udalbatzarrean, eta 484,7 milioi euroko aurrekontua kudeatuko du, hau da, iazkoa baino %4,7 handiagoa. Udal Gobernuak egindako proposamenean baino 1.130.000 euro gehiago bideratuko ditu hainbat inbertsio egiteko Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren likidazioari esker. Hori izan da sorpresa bakarra, oposizioko taldeek egindako osoko zuzenketak ez baititu onartu udalak.
Ekonomia eta Aurrekontua kudeatzeko zinegotzi Kerman Orbegozok nabarmendu du 2024ko aurrekontua, beste behin bere, diseinatuta dagoela “behar gehien dutenei udal administrazioaren aldetik erantzun egokiena eta baliabide gehiago jasotzeko. Eta horren adibide da, Gizarte Ekintza departamentuaren aurrekontu-sailek izan duten %8,5eko igoera.
Hori argituta, Orbegozok, segidakoa azpimarratu du: “Gure helburua hiritarrei eskaintzen zaizkien kalitatezko zerbitzuak ematen jarraitzea da. Eta horregatik, gastuaren ia bi heren kalitatezko zerbitzu publikoak ematen jarraitzeko bideratzen dira. Eta horiettaik 71,8 milioi euro aurreikusi dira Donostia hiri txukuna, garbia eta ederra izaten jarraitzeko behar diren mantentze zerbitzuak eskaintzeko!”.
Gainontzekoan, hemen jaso genituen Udal Gobernuak proposatutako aurrekontuen xehetasunak.
FFFM delakoaren ekarpen handiagoa
Aurrekontuari zuzenketak egiteko epean Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren (FFFM delakoren) likidazioaren berri izan zuen Udalak. Eta likidazioaren ondorioz Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako Udalari egingo dion diru ekarpena 1.130.000 eurotan handituko da.
Horiek horrela, Orbegozok esan du: “Diru kopuru hori, aurrekontu-proiektuan jasota ez zeuden beste hainbat proiektu gehitzeko baliatu dugu, baita dagoeneko jasota zeuden beste batzuk osatzeko ere”.
Ondorioz, segidako proiektuak 2024ko aurrekontuan sartu dira:
– 25.000 euro Egia auzoan, Blas de Otero plazaren inguruan, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren polizia-etxe mistoa egiteko.
– 15.000 euro Gipuzkoako Kirol Egokituen federazioari diru-laguntza emateko, eskola kiroleko ekimenak antolatzeko.
– 10.000 euro gehiagoko diru ekarpena Tabakalera zentroari.
– 7.800 euro Bidebieta eta Anoetako Gaztelekuetan hainbat hobekuntza egiteko.
– 15.000 euro osasun mentaleko programa garatzeko.
– 3.000 euro Anoeta Izotz taldeari diru-laguntza emateko.
– 100.181 euro gehiago Kontingentzia fondoan sartzeko.
– 2.000 euro EHUrekin hitzarmena sinatzeko.
– 334.000 euro gehiago Sorleku parkean zegoen aurreikuspenari.
– 200.000 euro gune publikoan irisgarritasuna hobetzeko.
– 45.000 euro Illunben autokarabanentzako aparkalekua egokitzeko.
– 8.560 euro Ziur fundazioaren kapital gasturako ekarpena.
– 60.500 euro Etxarrienen berokuntza sistema berria jartzeko.
– 15.000 euro Egiako haurtxoko eta gaztelekuan aire girotu sistema berria jartzeko.
– 12.100 euro La Sirena aterpetxean hainbat hobekuntza egiteko.
– 60.000 euro Artikutzako finkaren sistema elektrikoa berritzeko.
– 37.263 euro Artikutzarako ibilgailu bat erosteko.
– 26.600 euro Iraunkortasun sailarentzako ibilgailu bat erosteko.
– 25.736 euro Urban Klima 2050 estrategia lantzen jarraitzeko.
– 100.000 euro Parte Zaharrean hondakin bilketa hobetzeko proiektu bat garatzeko.
– 7.260 euro Tabakalerako plaza berriaren proiektua egiteko.
– 20.000 euro gehiago hiriko hainbat eraikinetan instalazio fotovoltaikoak jarteko.