Euskal Itsas Museoak Donostiako kaia ezagutzeko bisitak antolatu ditu Aste Santuan
'Moilak' erakusketa Euskal Itsas Museoan. Euskal Itsas Museoa Euskal Itsas Museoak Aste Santurako jarduera ugari proposatu ditu helduentzat eta haurrentzat. Alde batetik, familiei eta helduei egokitutako Moilak. Tradizioz Berritzaileak erakusketara bisita gidatuak eskainiko dira nahieran, museoaren ordutegian. Erakusketak azken bi mendeetan euskal portuek izan duten garrantzia azpimarratzen du. Bisiten izen ematea aldez aurretik egin behar da webgunearen bidez.
Bestetik, martxoaren 23an, museoak Moilaz Moila seigarren bisita eskainiko du Pasaian, Xabier Alberdi eta Peio Urrutia adituen eskutik. Bisitara bertaratzen diren pertsonek bakailaoaren arrantzaleen historia eta Pasaiako inguruan izan duten eragina ezagutzeko aukera izango dute. Hiru euroko kostua duen jarduerak ordu bateko iraupena izango du, eta 10:30ean emango zaio hasiera Pasaiako Ciriza Etxearen sarreran.
Bestalde, martxoaren 30ean eta apirilaren 6an, museoak Isturiz anaiak eta Kofradia Itsas Etxearekin sortutako Bizi Donostiako portua bisitaldia hasiko da. Bisitak bi ordu irauten du, eta Donostiako portuko historia, arrantza eta gastronomia ezagutzeko aukera paregabea da. Jardueraren kostua 14,5 euro izango da pertsonako, eta 10:00etan hasiko da, Euskal Itsas Museoaren sarreran. Bisitak hilean bitan eskainiko dira, martxotik hasita urrira bitartean.
Serigrafia tailerra
Euskal Itsas Museoak apirilaren 4an zurezko serigrafia tailerra antolatu du familientzat 12:00etan. Jardueran parte hartzen duten familiek egur birziklatuan museoaren bildumaren parte diren obrak inprimatuko dituzte fototransferentzia teknika erabiliz. Jarduerak bi ordu inguruko iraupena izango du eta 3 euroko kostua izango du pertsonako.


