Apaingarri gisa erabiltzen diren argiak ordubetez itzaliko dituzte bihar
Donostiako udalak apaingarri gisa erabiltzen diren argiak itzaliko ditu bihar, Planetaren Ordua ekimenarekin bat eginez, klima aldaketaren ondorioen inguruan hausnartzeko. Hala, 20:30etik aurrera eta ordubetez, argi apaingarriak itzaliko dira Kontxako badian, Santa Klara uhartean, Urgull mendian, eta udaletxean, besteak beste.
Juantxo Marrero Ekologia zinegotziak adierazi duenez, “argia itzaltzeko keinu hutsa baino zerbait gehiago da. Etorkizun iraunkor eta hobe baten aldeko eguneroko ahaleginaren sinboloa da. Argia ordubetez itzaltzea ez da irtenbidea, baina ongi etorria izan dadila itzalaldia, edozein keinu, txikia izan arren, batu eta atmosferara egiten diren emisio kutsatzaileak murrizten laguntzeko, gure bizi- kalitatea hobetuz, ingurumenaren ikuspegitik etorkizun hobeari begira”.