Egia, klasean zein kalean euskaldundutako auzoa
Euskara bizirik egon da beti Egia auzoan, baina industrializazioak eragindako eraldaketa eta frankismoaren debekuak zirela medio soilik etxe batzuetan mantendu zuten XX. mendean zehar. Ordea, Euskal Herriko beste hainbat tokitan gertatu zen moduan, 1960ko hamarkadatik aurrera, mugimendu euskaltzale indartsu bat sortu zen Egian, eta klandestinitatetik hasita, auzoa euskaldundu zuten, auzotar askoren konpromisoari esker. Urte luzez garatutako euskalduntze eta alfabetatze prozesua dokumental batean jaso du Enara Varea Letona antropologo egiatarrak.
Euskara kalean gehien erabiltzen den hiriko bosgarren auzoa da Egia, elkarrizketen %14,9 euskaraz egiten baitira. Soilik Igeldo (%74,9), Añorga (%42,2), Parte Zaharra (%19,4) eta Antigua (%18) daude Egiaren aurretik, Soziolinguistika Klusterraren 2021eko datuen arabera —hiriko batez bestekoa %15,3 da—. Egia da, beraz, hiriko auzo euskaldunenetako bat. Hori ez da zerutik eroritako zerbait, ordea, egiatar euskaltzaleen konpromisoari esker lortutako zerbait baita, urte askotako euskalduntze eta alfabetatze prozesuaren emaitza.
Prozesu hori guztia ikertu du Enara Varea Letona antropologoak (Egia, 2001), eta, Gordegia elkartearen babesarekin, Helduen euskalduntze alfabetatzea Egian dokumentala ondu du. «Gizarte Antropologiaren graduko hirugarren mailan, praktikak egin behar genituen, eta Gordegia elkartea aukeratu nuen. Proposatu zidaten euskalduntze prozesuari buruzko ikerketa bat egiteko, Villa Saliako borrokan oinarrituta. Ondoren, Gradu Amaierako Lanerako gai berbera aukeratu nuen, baina auzora zabaldu nuen. Horrela, ikasketak amaitu nituenean, Gordegiak eskatu zidan dokumental bat egiteko gaiaren inguruan», azaldu du Vareak.
Gaineratu duenez, Gordegiarekin lan egiten hasi aurretik ere bazuen gaiaren inguruko interesa, etxetik baitzetorkion: «Nire aitaren gurasoak Errioxatik hona lan egitera etorri ziren bere garaian, eta aitak euskaltegian ikasi zuen euskara». Horrela, artxibo lan handi baten ostean, Egiako euskalduntze eta alfabetatze prozesuko protagonistekin hitz egiteari ekin zion, eta, kontatu duenez, auzoan harrera beroa izan zuen egitasmoak: «Ez nuen espero halako harrera izatea auzoan, plazan 50 bat pertsona agertu baitziren elkarrizketak egiteko; izugarria izan zen. Alde horretatik, oso zaindua sentitu naiz. Bestalde, antropologo gisa asko ikasi dut, nire lehenengo ikerketa eta dokumentala izan baita». Hain zuzen ere, aitortu du bere kabuz ikasi duela kamera erabiltzen, «ero-eroan». Horrela ere, dokumentalak irauten duen ordu erdi eskasean —Youtuben dago ikusgai—, Egiako urte luzeko euskalduntze prozesua laburbiltzea lortu du antropologoak, auzotar ugariren parte hartzearekin.
Baserri auzotik industrializaziora
Industrializazioa heldu aurretik, Donostiako harresietatik kanpo zegoen auzo bat zen Egia, nagusiki baserriz osatutakoa eta nagusiki euskalduna. Ordea, Euskal Herriko toki askotan gertatu zen moduan, industrializazioarekin, Euskal Herriko zein Espainiako Estatuko zona askotako langileak lan bila iritsi ziren Egiara, eta auzoa eraldatu egin zen, besteak beste, hizkuntz errealitateari dagokionez. «Industrializazioak, besteak beste, eragin zuen euskara gutxiago erabiltzea eta soilik lehendik zekitenen artean hitz egitea. Ondoren, frankismoa iritsi zen eta euskara debekatu zuen; esan ohi da orduko belaunaldia izan zela euskaldun elebakarren azken belaunaldia», azaldu du Vareak.
Egia da hiriko auzo euskaldunenetako bat. Hori ez da zerutik eroritako zerbait, ordea
Hain zuzen ere, euskara etxe batzuetan soilik hitz egiten zen zerbait izatera pasatu zen, dokumentalean adineko auzotar batek azaldu duenez: «36ko gerraren ondoren, eskoletan Cara al sol abesten genuen eta dena erdaraz egin behar genuen. Eta kalean ere erdaraz ateratzen zitzaigun, noski. Gure aitak, ordea, behartzen gintuen etxean euskaraz egitera. Eta eskerrak! Horri esker mantendu genuen euskara. Euskara mantendu da geuk nahi izan dugulako».
Varea Letonak kontatu duenez, auzoan harrera beroa izan zuen egitasmoak: «Ez nuen espero halako harrera izatea auzoan»
Ildo beretik jo du dokumentalean Iñaki Villoslada auzotarrak, baita nabarmendu ere gaztelania zela Egiako hizkuntza nagusia orduan: «Haurra nintzenean, normalean, auzoan hitz egiten zen hizkuntza gaztelera zen. Baina frankismoaren azken urteetan eta Franco hil osteko lehenengo urteetan, euskara asko berpiztu zen auzoan, eta horren inguruko giro handia sortu zen».
Gau Eskolak eta euskararen berpizkundea
Euskal Herriko beste hainbat tokitan gertatu zen moduan, 1960ko hamarkadan piztu zen Egian euskalduntze prozesua: «Euskara ikasteko eskola klandestinoak sortu ziren, hala nola, Gau Eskolak. Maria Reinan abokatuen bulego bat zegoen, eta eskatu zieten gela bat uzteko, Gau Eskolak emateko. Eskola horietan, batzuk euskalduntzean zebiltzan, eta beste batzuk alfabetatzean», kontatu du Vareak. Egian «euskara ikasteko grina» zegoela diote hainbat auzotarrek dokumentalean, eta, hain zuzen ere, horri esker hasi zen euskararen berpizkundea auzoan. Hala gogoratu du Gau Eskoletako irakasle izandako Josemi Beristainek dokumentalean: «Garai hartan, bazegoen guraso talde bat auzoan, iraultzailea zena, dena mugitzen zuena eta jendea erakartzen zuena. Jende erdalduna zegoen hein handi batean auzoan, baina talde horri esker euskararen inguruko mugimendua berotzen joan zen».
Horrela, auzoko gazte zein heldu ugari, egun osoan zehar lan egin ostean, Gau Eskoletara euskara ikastera joaten hasi ziren, 20:00etatik 22:00etara. «Etxekoandreak ere etortzen ziren, arratsaldez», gaineratu dute dokumentalean Gau Eskoletako irakasleek. «Meritu handia zuten ikasleek, zeren egun osoa lan egiten pasatu ondoren gaueko zortzietan Gau Eskolara joatea… Horregatik, saiatu behar ginen klaseetan saltsa pixka bat jartzen. Ahalegin handia zen, baina jendea gogotsu zegoenez, giro ederra izaten genuen eta gozatzen genuen klaseetan», nabarmendu du irakasleetako batek.
Villa Saliako borroka
Gau Eskola klandestinoetan hasitako euskalduntze prozesua Jai Alaiko Villa Salia eraikinean egonkortu zen, borroka luze baten ostean, Vareak kontatu duenez: «Hasiera batean, auzotarren helburua ez zen Villa Salian euskaltegi bat jartzea, auzoarentzako espazio bat sortzea baizik. Izan ere, jende asko bizi zen Egian, baina ez zegoen anbulatoriorik, jubilatu etxerik, kultur etxerik, haurtzaindegirik… Estali beharreko behar batzuk zituen auzoak, eta horretarako hartu zuten Villa Salia. Manifestazioak egin zituzten, eraikina okupatu zuten, bota zituzten, udaletxera joan ziren protesta egitera… Azkenean, lortu zuten udalak Villa Salia erostea eta auzoari eskaintzea erabilera. Hasieran, haurtzaindegi bat izan zen, eta gero ikusi zuten bertan euskaltegi bat jarri zezaketela».
Egian «euskara ikasteko grina» zegoela diote dokumentalean, eta, hain zuzen ere, horri esker hasi zen euskararen berpizkundea auzoan
Auzolanean txukundu zuten Egiakoek Villa Salia, eta bertan jarraitu zuten euskara klaseak ematen, auzoa euskalduntzen. Hala ere, Villa Salian ez ezik, handik kanpo ere euskara ikasten zutela kontatzen dute ikasleek zein irakasleek dokumentalean: mendi irteeretan, poteoan eta bestelakoetan. Hala gogoratu du Beristainek: «Ostiraletan, Villa Saliatik ateratzen ginen, eta auzotik ibiltzen ginen: txikiteoan, bertsotan, kantari, elkarren artean hitz egiten… Sekulako giroa sortzen zen, eta gogoan izango dut burua dudan bitartean. Hori zen hutsegite gutxien izaten genuen asteko eguna, jendea gustura etortzen baitzen».
Gau Eskoletan hasitako euskalduntze prozesua Jai Alaiko Villa Salia eraikinean egonkortu zen, borroka luze baten ostean
Horrez gain, ikasleak baserrietara ere bidaltzen zituzten, uda garaian gehienbat: «Esaten genuen Euskal Herriko unibertsitatea baserrietan zegoela, eta hein handi batean horrela zen […]. Baserrian ez zen euskara irakasten; han hitz egiten zen. Zeren, teoria bazekiten ikasleek, baserritarrek baino gehiago, ziur aski, baina hitz egitea falta zitzaien», dio Beristainek. Orexako baserri batera joan ziren Egiako ikasle asko, eta baserri hartako Josune Malkorrak dokumentalean nabarmendu du «ilusioz» jasotzen zituztela ikasleak: «Zerbait desberdina zen guretzat, eta beti aritzen ginen zerbait erakusten. Eta nerabezaroan parrandarako lagunak ere egin ginen». «Hilabete inguru pasatzera joaten ziren, baina egon zen bost hilabete edo gehiago baserrian pasatu zuenik, eta baita pare bat egunen buruan itzuli zenik ere», gaineratu du Vareak.
Baserriko egonaldiaren esperientzia oso aberasgarria izan zen ikasleentzat, dokumentalean diotenez: «Euskaltegira joaten ginen eta han egiten genuen euskaraz, baina gero kalean ez ginen horrenbeste ausartzen, gaizki egingo genuelakoan. Ordea, baserrian euskaraz hitz egin behar genuen, ez zegoen besterik. Hor praktikan jartzen genuen euskara, oso modu naturalean. Hizkuntza benetan erabiltzea zen, euskaraz bizitzea».
Horrela, euskalduntze prozesutik ateratako «bizipen kolektibo bat» dagoela ondorioztatu du antropologoak: «Familia askotan gertatu da amak, adibidez, ama hizkuntzatzat edukitzea euskara eta aitak euskaltegian ikasi izana, eta gero seme-alabak Aitor Ikastolara eramatea. Uste dut auzoko jende askoren bizipena dela eta bizipen hori kolektiboa dela. Norbanakoak bizipen horretatik sortzen du bere identitatea, eta bizipen horren oinarrian euskara dago, azken finean».
AEK-ren sorrera
Gau Eskolek hasitako bidea AEK-k jarraitu zuen, eskola klandestino moduan sortutakoak saretu zituenean; hain zuzen ere, Villa Salia euskaltegi bihurtu zen. Metodologia profesionalagoekin hasi ziren orduan euskara irakasten, baina Egian euskara kalera ateratzen jarraitu zuten. Hala gogoratu du dokumentalean ikasle izandako batek: «AEK-k metodologiarekin asmatu zuen, klasean ikasteaz gain, mendi irteerak, poteoak, antzerkiak eta halakoak egiten genituelako. Parranda asko ere egin genituen; beti ikasi izan dugu askoz gehiago 22:00etatik aurrera 22:00ak baino lehen baino. Eta ligatzeko ere balio izan digu! [barrez]».
Hain zuzen ere, euskararen normalizaziorako bidean, AEK-k urte luzez izandako garrantzia goraipatu du Villa Saliako ikasle izandako Joseba Belaustegik: «AEK-k garrantzi handiagoa izan du herrigintzan, hizkuntzan baino. Hau da, hizkuntza bat erabiltzen baino are gehiago ikasten zen herritar kontziente bat izaten. Izan ere, hizkuntza batek ez dauka zentzurik atzean herri bat ez badauka. AEK-k herritarrak egiten zituen, eta horregatik zen gobernuarentzat etsaia, oso iraultzailea zelako, didaktika herritar bat egiten zuelako, pertsonak osatzen zituelako».
«Familia askotan gertatu da amak, adibidez, ama hizkuntzatzat edukitzea euskara eta aitak euskaltegian ikasi izana, eta gero seme-alabak Aitor Ikastolara eramatea. Uste dut bizipen kolektiboa dela»
Enara Varea Letona, antropologoa eta dokumentalaren egilea
Harro Herri da bihar Donostiara helduko den 23. Korrikaren leloa, eta hori da, hain zuzen ere, klandestinitatean hasi ziren irakasle eta ikasle euskaltzaleak eta ondoren etorri ziren guztiak eraikitzen hasi zirena: harro egoteko moduko herri bat, Egiatik Altzara, Amurriotik Donostiara edo Irundik Baionara. Jarraitu dezagun, beraz, herri hori eraikitzen.