Ez du ezer aldatzen, baina zerbait da
Irudi batek ez du ezer aldatzen, baina zerbait da. Akaso jada ahaztuta, baina joan den igandean, berriz, ez-dakit-zenbat-mila batu ziren —ginen— «aski da» esateko, Palestina bakean —eta libre— uzteko. Igande eguzkitsua zen, eta euskal kulturako izen ezagunek are atseginago egin zuten martxa elegantea. Marko inkonparablea elkartasunez betetzen, berriz ere. Zenbatgarrenez?
Batu ginen maite ditugun, eta apur bat gorroto ditugun artistak —ezin guztientzat atsegingarri izan—, eta alderdietako politikariak —ez gustukoak, eta are gutxiago gustukoak—, alkate jauna barne, gai honetan isil xamar dagoen arren, eta sozialdemokrazia barne, gobernua gobernatuta ere gerraren aurka ezer egin ezin duen arren —itxuraz, behintzat—.
Giro horretan, amaierako irudirako ez geunden oso konbentzituak, eta zorionez, oker genbiltzan beti piper gabiltzanok. Munduari buelta eman baitio irudiak, Txillidaren eskultura edukiz betez, azkenean. Lortu genuen irudia egitea. Eta hori zerbait da, bai, baina tamalez, ez du ezer aldatzen.