Hainbat arlotako ehun profesionalek baino gehiagok BCCren Manteoko proiektuaren aurka sinatu dute
SOS Manteo plataforma GOe: ekosistema batere jasangarri bat kanpaina garatzen ari da Basque Culinary Centerren Manteoko bigarren egoitzaren aurka, eta, jakinarazi duenez, ehundik gora profesionalen atxikimendua jaso du kanpainak.
“Duela egun batzuk ingurumenaren, arkitekturaren, hirigintzaren eta bestelako arloetako profesionalen atxikimenduak biltzen hasi ginen, Basque Culinary Centerren Manteoko GOe proiektuaren arduradun diren administrazioei eskaera egiteko, Manteoko eraikuntza proiektua bertan behera utzi eta partaidetza prozesu bat abian jartzeko, guztion artean Gros auzoan nahi eta behar dugun parke ederra erabaki ahal izateko. Momentuz, 114 dira atxikimendua eman duten profesionalak, besteak beste EHUko ikerlariak (58 sinatzaile), Basque Center for Climate Change BC3 eta beste ikerketa zentroetakoak eta hainbat arkitekto, paisajista, ingurumen teknikari, geografo, ingeniari, eta abar”, azaldu dute.
Halaber, manifestua helarazi du plataformak; honakoa da:
Manteo-Zemoriako berdegunea Donostian dago, Zurriola hondartzatik metro gutxira, Grosen, berdeguneen defizit larria duen auzo batean (trenbidearen ondoko hondakin-azalerak barne hartuta, 0,24 m2/biztanleko tasa kalkulatzen da biztanleko, OMEk eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak biztanleko 15 m2/biztanlekoa gomendatzen dituztenean) eta zeinetan Udalak klima-babeslekutzat bi eraikin baino ez dituen adierazten (Okendoko Kultur Etxea eta Kursaal).
Duela egun gutxi arte, 50 urtetik gorako 100 zuhaitz baino gehiago eta belar-zelaigune zabal bat zituen, baina Donostiako Udalak, parkea mantentzeko eskatzen zuten herritarrei entzungor eginez, Manteoko lursail publikoa Basque Culinary Center Fundazioaren esku utzi du, bertan egoitza berria eraiki dezan. Bizilagunok mobilizazio ugari egin digun arren (proiektu honek auzoak pairatzen dituen gentrifikazio eta turistifikazio arazoak areagotuko dituela ere adierazten dugu), obrak hasi dituzte, zuhaitzen ezponda guztia (espaloiko aleak barne) eta zelaigunea suntsituz.
Proiektuaren sustatzaileek eraikin “jasangarri” bat diseinatu dute, gainean ibiltzeko estalkiekin. Estalki horien zati bat belardiz eta tamaina txikiko espeziez hornituta egongo da (lurrezko geruza 20 cm-ko sakonerakoa izango da), eta GOe edo Gastronomy Open Ecosystem-aren aztarna ekologikoa aurreko berdegunearen ia berdina izango dela adierazi dute. Hori guztiz faltsua da, eraikin berriak, izango dituen kontsumoez gain, ezingo baititu inoiz berdeguneak eskaintzen zituen ekosistemen zerbitzuak eskaini: CO2 finkatzea lurgaineko biomasa-bolumen handian zein lurzoruan, itzala eta inguruko tenperatura jaistea hiriko bero-uhartearen efektuari aurre eginez, airearen kalitatea hobetzea partikula kutsatzaileak xurgatuz (trafikoa da foku nagusia auzoan), kutsadura akustikoa murriztea ibilgailuen zarata arintzean, euri-ura iragaztea eta xurgatzea saneamendu-sarea saturatzea saihestuz, hainbat hegazti, urtxintxa, intsektu polinizatzaile eta abarren habitata zen… paisaia-balioa eta aisialdirako, kontsumoan oinarritzen ez diren gizarte-harremanetarako, eta osasun fisiko eta mentalerako balioaz gain (eremua Bigarren Hezkuntzako Institutu batez, kultura-etxe batez, anbulatorio batez eta dentsitate handiko bizitegi-eremu batez inguratuta dago).
Badakigu zuhaitz horien guztien galera konponezina dela, eta nekez konpentsatu daitekeela landaketa berriekin, baina berdegunea berreskura daiteke, eta uste dugu diseinu eta kudeaketa egokien bidez, epe luzera, zuhaitzak moztu aurretik espazioak eskaintzen zituen ekosistemen zerbitzuak lehengoratu eta indartu ahal izango direla. Gainera, hirian hutsik dauden eraikin asko daude (bat, lursailaren aldamenean, hain justu: Mariaren Bihotza ikastola eta eliza zena), edo hirigintza-birgaitzea eskatzen duten eremuak, horregatik gure ustez, proiektuaren kokapena ez dago justifikatuta, eta 2020an Donostian “Larrialdi Klimatikoa” izendatu zenez, uste dugu hirian dauden berdegune urriak mantentzeak lehentasuna izan beharko lukeela.