Herriaren eskultura eta euskararen gordailu
Remigio Mendibururena da Korrikaren lekukoa. 1980-1988 bitarte, berak egindako dozena erdi makil erabili ziren, euskararen aldeko ekitaldi handiaren ikur gisa. Lehen edizioetarako sortutako horietatik, ordea, bakarra gelditzen da egun, eta San Telmo museoan dago ikusgai.
Urduritasunak urduritasun, lekukoa esku artean izan duenak ondo baino hobeto daki egurrezko zilindro hori, makil soil bat baino gehiago dela. Hala tokatu bada, ikurrari gogor eutsita egiten du bere bidea euskaltzaleak, esku artean duenaren garrantzia ahaztu gabe. Metro batzuk aurrerago du furgoneta; atzean, berriz, tropela, eta istant horretan, lekukoa eta bera baino ez, ilusioak eta erantzukizunak bultzatuta egindako oinkada luzeekin aurrerantz.
Ezin da Korrikarik ulertu lekukorik gabe, eskuz esku lotzen baititu Euskal Herriko txoko guztiak hamaika egun eta hamar gauez. Jendea sartu eta irteten da euskara irabazle bakarra den lasterketa horretan, eta une oro euskaltzalez inguratuta dagoen arren, egurrezko zilindro horrek soilik osatzen ditu Korrikaren milaka kilometroak.
Ikur berezia 1980 urteko lehen Korrikaren prestaketarekin batera sortu zen. Hala adierazten du Asier Amondo Korrikaren antolatzaileak San Telmo museoarekin elkarlanean egin duen azalpen bideoan. Dioenez, hastapenetan Korrikarako «zerbait ikonikoa bilatzen zen, eskuz esku edo herriz herri ibiltzea sustatuko zuena». Ikono huraren bilaketan jo zuten Remigio Mendiburu euskal eskultorearengana. «Garai hartan, Mendiburuk ospea zuen, burdina, egurra eta halakoekin egiten zuelako lan», azaltzen du Amondok.
Objektu preziatua egiteko proposamena jaso bezain laster irudikatu zuen lekukoa Mendiburuk, eta ideiari egungo forma emateko asmotan bildu zen Juan Gorriti nafarrarekin, Atallun duen etxean. Gorritik hainbat elkarrizketetan azaldu duenez, bi artistek motrailua izan zuten inspirazio iturri, baina ondoren, Mendibururen ideia izan zen zulotxoak gehitzearena: «Goian egin zizkion lau, ondoren beste hiru eta beheko partean beste hainbeste, baina ez dakit zergatia», azaldu izan du Gorritik. Era berean, zehaztu duenez, hasierakoa egungo lekukoa baino «zertxobait txikiagoa zen».
Ikurra bukatuta, hura «barrutik hustea» erabaki zuen eskultoreak, eta hala aurkeztu zien AEK-ko arduradunei ere: «Zuek ikusi zer sartzen duzuen barruan, esan zien», azaldu du Amondok. Orduko antolatzaileek argi ikusi zuten mezu edo eskutitz baten gordailu izan zitekeela ikur hura, eta hala egin zuten 1980ko lehen Korrikan.
Oñatitik Bilbora egin zen lehen edizio horretan, baina, arazoak izan zituzten mezuarekin, bidean galdu baitzen. Ricardo Arregik 1966an Euskaltzaindiari idatziriko eskutitza zuen lekukoak, eta idatzian. Alfabetatze Saila sortzeko eskatzen zuen. Ibilbidearen amaieran, baina, disimulatu behar izan zuten antolatzaileek, eta mezuaren tokian, Julen Kaltzada AEK-ko kideak bestelako diskurtsoa egiteari ekin zion.
Mendiburuk Gorritiri lekukoa
Remigio Mendiburuk Korrikaren lehen sei edizioetarako sei lekukoak egin zituen 1980 eta 1988 bitarte. 1990an, Mendiburu hiltzerakoan, gelditzen zen ale bakarra San Telmo museoari eskaini zioten AEK-ko kideek, eta ordutik ikusgai dago museoko erakusketa iraunkorrean, Modernitatearen hasiera atalean.
Bera hil ostean, lekukoaren lekukoa hartu zuen bere kide Juan Gorritik, eta geroztik, berak egin ditu gainerakoak: «Lekukoa Remigiorena da, ez nirea. San Telmokoa ikusi baduzue, berdin-berdina da, baina materiala hobetu dut», azaldu zuen Gorritik, 2022an Euskal Telebistak egin zion elkarrizketa batean.
Askotariko baldintza klimatikoak eta eskuen hartu-emanak lekukoa kaltetu dezakeela jakinda, pagoa erabili ordez, bojezko zurarekin sortu zituen gainerakoak artista nafarrak: «Jende askok eskutan ibiltzen du, eta beharbada alde egin, beste batzuetan eraman, eta auskalo zer gerta dakiokeen». Hori horrela, beste hainbat ditu gordeta bere tailerrean, «bat batean» beharrezkoa izan baitaiteke, Euskal Herriko edozein txokotan.
Helburu berdinari eutsi dion arren, Korrikak aldaketa handiak izan ditu azken 44 urteotan. Bide berriak bilatu ditu eguneratzeko, baina lekukoak bere horretan jarraitu du. Euskararen aldeko ekimenik handiena anitza eta askotarikoa da, eta Amondoren arabera, aniztasun horretan ikurrak ere badu bere pisua: «Korrika mezua eta lekukoa da, eta hori Remigio Mendibururi zor diogu».