«Merkatarien egoera eztabaida politikoaren aitzakia bilakatu da»
Merkataritza txikiaren inguruko ezohiko udalbatzarrak hiriko saltoki txikiek bizi duten testuingurua ekarri du mahai gainera azken egunotan. Udaleko taldeen adostasun faltaren aurrean, ekintza plan bateratu bat eskatu du Gipuzkoako Merkatarien Elkarteak. Proiektu zehatzak beharrean, testuingurura egokitzen diren egitasmo iraunkorrak eskatu ditu elkarteko presidente den Julen Imazek.
Ez dira garai onenak kontsumoarentzat. Nola eragin du inflazioak eta lehengaien prezioen igoerak tokiko merkataritzan?
Azken lau urteak ez dira errazak izan, familien erosteko ahalmena murriztu egin denez, kontsumo ohiturak ere aldatu direlako. Hornitzaileen, garraioaren eta alokairuaren prezioak ere izugarri igo dira. Donostian, gainera, merkataritza eremuan zeuden saltoki asko errentari handiek zentralizatu dituzte, eta, horren ondorioz, alokairuen kopurua ere handitu dute. Horri gehitzen badiogu merkatuen ziurgabetasunaren ondorioz, ez direla erabaki egokienak hartzen maila instituzionalean, eta, batzuetan oso laguntza puntualak ematen direla, gure testuingurua nahiko zaila da.
Donostiako saltoki txikiei buruzko osoko bilkura monografikoa egin zuten pasa den astean. Nolako sentsazioarekin irten zineten udaletxetik?
Iruditu zitzaigun Donostiako merkataritzaren afera eztabaida politikoaren aitzakia bihurtu dela, hiriaren arazo bat izan behar duenean. Ditugun arazo larriak ikusita, politikoki baliatu ordez, erantzun bateratu bat eman dezatela eskatzen diegu. Eta bide batez, duela lau urtetik egin ez diren merkatarien mahaiak berreskuratzeko. Maizago egingo balira, gure proposamenak ere entzungo lituzketelako.
EH Bilduk bost neurri defendatu zituen bilkura horretan. Partekatzen dituzue neurri horiek?
Proposamen horiek edozein alderdi politikoren mahai gainean daude, besteak beste, Amaran eta Parte Zaharrean, tokiko merkataritza babestu eta hauspotzeko proposamenak direlako. Urte luzeetan aldarrikatu ditugun neurrien artean daude, eta edozein pertsonak logikotzat izango lituzke. Horregatik pena ematen digu aurrera atera ez izana. Eztabaida politikoaz harago, merkatariek euren eskaerak entzun eta aztertzen direla sentitu behar dute. Eta proposamen horiek oso logikoak dira, plan baten barruan azalduta ditugulako.
Juan Karlos Izagirrek gutxiegitzat jo zuen orain arte egin dena. Zuek ere sentsazio bera duzue?
Beti izango da gutxiegi tokiko merkataritzaz gabiltzanean. Beti egongo dira erronka berriak eta, horregatik, ezin ditugu proiektu puntualak edo itxiak izan. Proiektuek biziak izan behar dute, eta une bakoitzera egokitu. Dena dela, argi izan behar duguna da egiten dena egiten dela, guztien aldetik adostuta eta babestuta egon behar dela. Bestela, ez goaz inora. Baina, batez ere, funtsezkoena da Donostiako tokiko merkataritza ezin dela egon uneko udal gobernuaren mende, bestela, 25 urtean akabo tokiko merkataritza.
«Egiten dena egiten dela, alderdi guztien aldetik eta babestuta egon behar dugu»
Julen Maiz, Gipuzkoako Merkatarien Federazioko presidentea
Azken bost urteetan, saltokien %11 itxi egin dira. Horietako asko, alokairua dela eta. Horren aurrean, alokairuak mugatzearen aldekoak zarete?
Baldin eta maizterrarentzat positiboa bada, primerakoa litzateke. Baina konstituzioaren kontra joateko arriskua dugula uste dut, eta nahiko konplexua da kontu hori. Ni bestelako formula baten aldekoagoa naiz; zergetan edo itzulketetan hobaria lortzearen alde nago, adibidez. Horrekin, esaterako, hiriko eremu tentsionatu batean errenta duen tokiko merkataritza salbatuko litzateke.
Erdialdetik kanpo errentak baxuagoak dira. Baina merkatariarentzat eraginkorra da gune estrategikotik at joateak?
Egia da azken urteotako kontsumo fluxuak aldatu egin direla. Horregatik, auzo batzuk biziberritzearen aldekoak gara. Donostia Sustapenarekin aztertzen ari garen neurrietako bat da merkataritza eremuak ezartzea Erdialdetik kanpo. Londresen Camden duten moduan, ekintzaile eta sortzaileak beste auzo batzuetan elkartu nahi ditugu. Amarak merkataritza jaitsiera izugarria du, baita Egiak eta Ekialdeko Barrutiak ere.
Luze hitz egiten da belaunaldi berrien errelebo faltaz. Zer hobetu liteke gazteak saltokietara hurbiltzeko?
Horrekin arazo larria dugu, Donostiako merkatarien bataz besteko adina 55 urtekoa baita. Horregatik diogu merkataritzaren mundua erakargarri egin behar dugula belaunaldi berrientzat. Merkatari izatea berezia da eta gustuko izanez gero, bizitzeko ematen du. Baina, noski, sakrifikatua ere bada. Izan ere, enpresa propioa duzun momentutik bertatik, aisia urrun gelditzen da. Itxi diren horietako askoren arrazoia belaunaldien erreleboaren falta da.
Saltoki handietan erostera ere ohituago daude belaunaldia horiek. Kontsumo ohituretatik hasi behar da?
Berehalakotasunaren eta erraztasunaren garaian bizi gara. Testuinguru horretan, gure saltokiak berehalakoak eta erosoak izan daitezen saiatu behar dugu. Baina, batez ere, zer nolako kontsumo eredua bultzatzen ari garen hausnartu beharko genuke gazteekin ere. Tokiko merkataritzak, gure kaleak bizirik mantentzeaz gain, baldintza duinak dituzten lanpostuak mantentzen ditu. Hori da ikusarazi behar duguna, hemendik hamabost urtera jendeak bere auzoan erosten jarraitu nahi izango duelako.
Eta baduzue proiekturik bide horretan?
Orain, ideia zaparradak botatzen gabiltza eta ez dugu baztertzen ikastetxeekin ere elkarlanean hastea, gazteenak direlako saltoki handietara jotzen dutenak, bereziki.
Egoera horretan, nola eragingo du San Bartolomeko merkataritza gune berriak?
San Bartolomeko merkataritza zentroa stand by fasean dago eta ikusteko dago zer egingo den horrekin. Nolanahi ere, duela urte dezente onartu zen eta saltokiak izango dituen arren, nahiko mugatuta dago. Esan dezakegu, merkataritza gune handiei dagokienez, duela hamar urte baino askoz hobeto gaudela, muga asko jarri baitira gehiago hedatu ez daitezen. Hain zuzen, Garberako merkataritza gunearen zentroaren zabalkundea izan da Gipuzkoan egingo den azkena.
«Garrantzitsua da alderdien benetako konpromisoa eta tokiko merkataritza euren agenda politikoan ezartzea»
Julen Maiz, Gipuzkoako Merkatarien Elkarteko presidentea
Epe laburrean, zer proiektu dituzue aurretik?
Jasangarritasunean ari gara lanean, tokiko merkataritza txikia bereizteko aukera emango digulako. Gurean bide luzea dugu eko zigilua duten produktuekin. Bada, guk eko zigilu hori saltokietan jarri nahi dugu, prozesu guztietan jasangarriak direla egiaztatzeko. Hortik harago, tokiko merkataritzaren maila mantentzen egingo dugu lan. Hori da gure betiko erronka, eta egiten dugun guztia horretara bideratuko da, funtsezkoa baita tokiko saltoki gehienak irekita mantentzea.
Merkataritza txikia diru laguntzarik gabe mantendu behar dela baieztatu zuen Jon Insausti zinegotziak ezohiko batzarrean. Egun, posible da hori?
Programa guztien helburua gure negozioei autonomia ematea da. Eta egia da idilikoena dela, enpresa bat bere kabuz mantentze, baina une honetan tokiko merkataritzak ezin du. Hortaz, ekarpen ekonomikoa garrantzi handikoa da. Baina are gehiago: garrantzi handikoa da merkataritza txikia ikusaraztea, garrantzitsua da kontsumo ereduen hausnarketa horretan laguntzea eta bisitariak erakartzea. Finean, garrantzitsua da alderdien benetako konpromisoa eta tokiko merkataritza euren agenda politikoan ezartzea, Donostiako enpleguaren %11 delako.