Santa Klara uhartea Aste Santuan ere turistikoki esplotatzearen aurka agertu dira hainbat eragile
Aste Santuan eta Pazko Astean Santa Klara uhartea eta Cristina Iglesiasen Hondalea esku hartze artistikoa bisitatu ahalko dira aurten ere, eta, horren aurrean, uhartearen esplotazio turistikoa salatzeko ohar bat plazaratu dute Parkea Bizirik, Bizilagunekin, Haritzalde, Eguzki eta Ekologistak Martxan eragileek. Izan ere, gogorarazi dute uharteko itsas hegaztiak habiak egiten ari direla egunotan: “7-10 egun habia egiteko, 2-4 egun errunaldirako, 28-30 egun lurrean inkubatzeko eta 50 egun kumeak zaintzeko. Hala ere, udaberriarekin batera, Donostiako makinaria turistikoa ere martxan jartzen da”.
Datozen asteotan, irlara jende asko joan ahal izango dela azaldu dute: “Martxoaren 28tik apirilaren 7ra bitartean, bost bisita antolatu dituzte egunero, txanda bakoitzeko, hogei pertsona. Guztira, 100 pertsona egunean eta 1.100 pertsona Aste Santuan eta Pazko Astean. Bestalde, uhartearen inguruko merkataritza ontziek gehienez 150 pertsonako edukiera dute, eta, beraz, Hondalea bisitatu gabe, egunero 750 pertsonak uhartea bisitatu ahal izango dute. Santa Klara uharteak gutxienez sei babes figura eta soilik 5,4 hektareako hedadura ditu, eta flora eta faunako espezie babestuen etxea da. Beraz, industria turistikoak udaberrian egiten duen jarduera hau Donostiako ondare natural eta kolektiboaren kontserbazioaren aurkako eraso zuzena da”.
Gogoratu behar da 2021ean inauguratu zutela Iglesiasen esku hartzea irlako itsasargian, gastu publiko eta eztabaida sozial handien ostean, eta Eneko Goia alkateak orduan esan zuela soilik ekainetik irailera ahalko zela bisitatu. Ordea, iaz, Aste Santuan eta Pazko Astean ere bisitatzeko aukera ireki zuen udalak. Ildo horretatik, aurten udala harago joan dela salatu dute eragileek: “Aurten, beste urrats bat egingo da, aldez aurretik hitzordua hartzeko beharra ezabatuz. Beste urte batez, hartutako konpromisoak ez dira bete. Hasieratik salatu genuen obra inauguratzean Hondalea erabiltzeko irizpideak zehaztasunik gabe eta funtsik gabe aurkeztu zirela, eta, zoritxarrez, denborak arrazoia eman digu. Konpromiso guztietan hitza jan dute”.
“Badira hamarkadak paradigma aldaketa bat iritsi dela jende gehienaren pentsamoldera; naturaren errespetua, ezagutza eta kontserbazioa behar eta nahi dugun bizimoduaren zutabeak dira. Donostiarrek, turismo industriaren poltsikoak irabazteko ondarea suntsitzeari utzi eta bizilagunen ongizateari begiratzen dion beste hiri eredu bat eskatzean, paradigma aldaketa horrekin bat egiten dute”, gaineratu dute eragileek. Halaber, gogorarazi dute Ekologistak Martxan plataformak bandera beltza eman ziola iaz Kontxako badiari, “biodibertsitatea kontserbatzeko kudeaketa txarragatik”.
Horiek horrela, hiru eskaera zehatz egin dituzte: “Udal gobernuak eta Hondalea sustatzen duen enpresak uharteko zerbitzu eta azpiegitura berrien egutegiari, edukierari, ordutegiari, eta handitze mugari buruzko irizpideak betetzea, eta irizpide horiek nahitaez bete beharreko kudeaketa plan edo ordenantza batean jasota geratzea; uharteko natura babestea eta berreskuratzea, itsas hegaztien kolonietako habitat naturala babestea uharteko esplotazio turistikoaren aurretik jarriz; eta, itsas hegaztiek habia egiten duten garaian uhartera bisita gidatuak bertan behera uztea”.