Dbizik Geltoki+ aurkeztu du, geltokiak beteta daudenean aparkatzeko sistema berria
Dbizik, Donostiako bizikleta sistema publikoak, Geltoki+ abian jarriko du. Dbizi sistemaren funtzionalitate berri bat da, hainbat geltokitan, tokirik geratzen ez denean, aparkatu ahal izateko. Hamaika geltoki periferikoenetan jarri dituzte, “giltzarrapo adimenduneko sistema baten bidez”. Giltzarrapo adimendunen sistema hori geltokiak beteta daudenean erabili ahal izango da bakarrik.
Geltoki+
Bizikleta elektrikoen atzeko gurpilean giltzarrapo adimendun bat jartzea izango da Dbiziren funtzionalitate berri hau ahalbidetuko duen sistema, bizikleta mekanikoetan eskuragarri egongo ez dena. Izan ere, sistema horri esker, bizikletak aparkatzeko berariaz definitutako lekuetan aparkatu ahal izango da. Leku berezi horiek Dbiziko geltoki jakin batzuen inguruan kokatuta egongo dira, eta Dbiziko geltoki horietako aparkaleku guztiak beteta daudenean baino ezingo dira erabili.
Geltoki horiek Geltoki+ deituko dira, eta hiriaren erdigunetik urrunen dauden eta hiriaren goialdeetan dauden auzoetako geltoki batzuetan egongo dira, auzo horietan Dbiziko geltokien arteko distantzia handiagoa baita. Horrela, beste aukera bat eskaintzen zaie helmugako geltokia beteta aurkitu eta hurbilen duten beste geltokia urrun samar geratzen zaienei.
Geltoki horietan arkua duten aparkalekuak jarriko dira bizikletetarako, eta aparkaleku horiek lokailu batzuk izango dituzte bizikletaren giltzarrapora lotzeko. Bizikleten aparkaleku horiek erraz identifikatu ahal izango dira, izan ere, kolore berdez margotuta daude, aparkaleku arruntetatik bereizteko.
Aparkatzeko prozesua
Bizikleta bat Geltoki+ batean aparkatzeko prozesua “oso erraza eta intuitiboa” dela azaldu du Yarzak: “Dbiziren appak Geltoki+ funtzioa aktibatuko du erabiltzailea Dbiziko geltoki horietako batera hurbiltzen denean, eta hura beteta dagoenean. Erabiltzailea Geltoki+ geltokira hurbildu beharko da, eta bizikletaren giltzarrapoa aparkalekuko arkuaren kableari lotu. Giltzarrapoa behar bezala itxita dagoenean, bidaia behar bezala amaitu dela jakinaraziko du aplikazioak”.
Bizikleta Geltoki+ geltokietatik kanpo aparkatzen saiatuz gero, edo horietan aparkalekuak libre badaude, giltzarrapoa itxi egingo da, eta Dbiziren appak leku horretan aparkatzerik ez dagoela jakinaraziko du; beraz, erabiltzaileak 2 minutu izango ditu bizikleta desblokeatzeko eta baimenduta dagoen leku batean aparkatzeko. Erabiltzaileak jarraibideei jarraitzen ez badie, sistemak bizikleta blokeatuko du, baita erabiltzailearen kontua ere.
Erabiltzaileei laguntza handiagoa emateko, Dbizik bideo batzuk argitaratuko ditu bere webgunean, funtzionalitate berri hori azaltzeko. Era berean, abonatu guztiek mezu elektroniko bat jasoko dute, sistema berriari buruzko informazio zehatzarekin.
Geltoki+ batean aparkatu ahal izateko bizikleta elektrikoek ezinbestez behar duten giltzarrapoa martxoan hasi da jartzen, eta jada 125 bizikletak dute instalatuta giltzarrapo hori. Aurreikusita dago ekainerako bizikleta elektriko guztiek aukera berri hori izango dutela.
Geltoki+ berrien kokalekuak
Geltoki+ berriak geltoki hauetan egongo dira, eta, geltokiaren arabera, giltzarrapoa duten 6-12 bizikleta elektriko aparkatzen utziko dute:
– Añorga+: 4 arku izango ditu, eta gehienez 8 bizikleta aparkatu ahal izango dira.
– Buenavista+: 5 arku izango ditu, eta gehienez 10 bizikleta aparkatu ahal izango dira.
– Herrera+: 5 arku izango ditu, eta gehienez 10 bizikleta aparkatu ahal izango dira.
– Zubiaurre+: 5 arku izango ditu, eta gehienez 10 bizikleta aparkatu ahal izango dira.
– Nornahi+: 3 arku izango ditu, eta gehienez 6 bizikleta aparkatu ahal izango dira.
– Atarizar+: 3 arku izango ditu, eta gehienez 6 bizikleta aparkatu ahal izango dira.
– Munto+: 6 arku izango ditu, eta gehienez 12 bizikleta aparkatu ahal izango dira.
– Andoain+: 5 arku izango ditu, eta gehienez 10 bizikleta aparkatu ahal izango dira.
– Tranbia+: 3 arku izango ditu, eta gehienez 6 bizikleta aparkatu ahal izango dira.
– Urbia+: 5 arku izango ditu, eta gehienez 10 bizikleta aparkatu ahal izango dira.
– Bartzelona hiribidea+: 5 arku izango ditu, eta gehienez 10 bizikleta aparkatu ahal izango dira.