Intxaurrondoko bizilagunak «nazkatuta» daude lapurretekin
Hego Intxaurrondoko bizilagunek agerraldia egin dute gaur eguerdian, azken asteotan izan diren lapurretekin duten “kezka” adierazi eta udalari erantzukizunak eskatzeko. Hurbildu diren guztiei egin diete lapurretaren bat, edo gertutik bizi izan dute lapurretaren bat, eta “nazkatuta” daudela adierazi dute.
Bernat Etxeparen plazan dagoen Haizalde elkartean izan da azken lapurreta –leihoa lapurtuz–, baina gehiago izan dira bai lapurretak eta baita saiakerak ere: Leku Eder tabernan, farmazian, Book liburu dendan eta Argitza tabernan, esaterako.
Azken asteotan gertaerak “areagotzen” direla adierazi dute bizilagunek, eta Polizia auzoan dabilen arren, erasoek ez dutela etenik izan salatu dute. Horregatik, “lapurreta etengabe hauekin amaitu dadin hartu beharreko neurriak har daitezen eskatzen diogu bai Donostiako Udalari eta baita ardura duen erakunde orori, bestelako egoera larriagorik gertatu baino lehen”.
Hedabideen jarrera
Agerraldian salatu dutenez, EITB auzotarrekin jarri zen harremanean, Haizalden izandako lapurretaren berri izateko, baina azken momentuan ez informatzea erabaki zuten: “Atzo, astelehenean, arratsaldeko 18:30ak inguru jarri genuen hitzordua [EITBrekin]. Baina, ordu bat lehenago deitu egin ziguten esanez beste albiste garrantzitsuagoa zutela, eta ezin izango zirela agertu. Beraz, gaurko, astelehenerako jarri dugu beraiekin biltzeko hitzordua, baina ez, orain, 15:00etan baizik, ez baitute adierazi auzoko egoeraren inguruko intereik, baizik eta bakarrik Haizalde Elkarteari gertatutakoan”.
Honela, bizilagunek uste dute hauteskundeak gainean direla eta, agintarientzat ez dela gai erraza, eta “itxurak” baino ez dituztela egiten, “arazoaren benetako erroei aurre egin beharrean”.
“Hemen gaudenok, dendariak ez ezik, auzotarrak ere bagara eta nazkatuta gaude. Geure auzoan lasai lan egin eta bizi nahi dugu, gauean gerta dakigukeenari beldurrik izan gabe. Zaindu dezagun geure auzoa!”, aldarrikatu dute.