Tokiko merkataritza defendatzeko Elkarrekin Podemosek merkataritza gune berrien ezarpena mugatuko du
Megaproiektu komertzial periferikoak geldiarazteko duen konpromisoa azaldu dute Miren Etxebestek eta Victor Lasak, gaurkoan egindako ekitaldi batean.
Elkarrekin Podemosek merkataritza gune berrien ezarpena mugatuko du eta, tokiko merkataritza defendatzeko, megaproiektu periferikoak behin betiko geldiarazteko lan egingo duela nabarmendu dute Miren Etxebeste Eusko Legebiltzarreko hautagaiak eta Victor Lasa Donostiako Udaleko bozeramaileak egindako ekitaldi batean.
Tokiko merkataritzari eta hurbileko merkataritzari laguntzeko neurrien barruan, Elkarrekin Podemosen programak “merkataritza gune handien garapena mugatzeko neurriak” planteatzen ditu, hauek duten zuzeneko eragin negatiboagatik. Izan ere, hauek “hiriei eta herriei kalte egin eta itxaropena kendu besterik ez diete egiten beti izan direnak izaten jarraitzeko”.
Miren Etxebestek argi azaldu du apustua: “gure herri eta hirietako bizitzaren aldeko apustua egin nahi badugu, tokiko merkataritza sustatu behar dugula, eta harresiak jarri behar dizkiegula inbertitzaile handien eskutik suntsitu nahi dituztenei”. Halaber, nabarmendu du Elkarrekin Podemosen programak hainbat neurri aurreikusten dituela tokiko merkataritza sustatzeko eta instalazio handiak geldiarazteko.