Udalak Haizearen Orraziaren mendi magala egonkortu eta irisgarritasuna eta argiztapena hobetuko ditu
Donostiako Udalak, gaurko Tokiko Batzarrean onartu egin ditu Haizearen Orraziaren jabari publikoko 3.848 metro koadroko azalera okupatzeko administrazio emakida emateko baldintzak eta preskripzioak.
Eneko Goia alkateak nabarmendu duenez, “izapide honi esker, ingurunean egin beharreko hiru esku-hartzeak egin ahal izango ditu”: hala nola, mendi magala egonkortu, argiztapena eta irisgarritasuna hobetu.
Halaber, Kosta eta Itsasoko Zuzendaritzari eskatu dio udalak emakidan berariaz jasota gera daitezen Ñameko egungo terraza eta sarbide plazatxoa, emakidan eskatutako okupazioaren azalera osoaren barruan, eta emakida onartzeko baldintza hori bete beharko dela nabarmendu du alkateak.
Iraupenari dagokionez, 15 urteko hasierako eperako ematen da, eta iraupen bereko edo aldi txikiagoetan luzatu ahal izango da, gehienez ere 30 urteko epera arte. Udalak, alkateak amaitu duenez, ez du kanona ez fidantza ordaindu beharko.
Izapide honetatik aurrera, ingurunean gauzatuko den proiektua eguneratu, lizitatu eta esleitu egin beharko da.