Richard Serra nazioarteko eskultorea hil da
Donostian, Miramar Jauregian, Serraren eskultura handi bat dago.
Richard Serra eskultore minimalista hil da astearte honetan, 85 urte zituela. San Frantziskon (Kalifornia, AEB) jaio zen 1938an, aita mallorkarra eta ama ukrainarra zituela. Serra XX. mendeko abangoardiako eskultorerik garrantzitsuenetako bat da.
Serraren Five counter clockwise (Pentagonoa erlojuaren orratzen kontrako noranzkoan) obra instalatu zuten Miramar Jauregian 2020ean.
8,5 tonako altzairuzko bost xafla dira, Carreras Múgica galeria bilbotarrak San Telmo Museoari utzitako eskulturan. Museoko teknikariek, bere garaian, obra kokatzeko lekurik egokiena zein izango zen aztertu zuten, eta kokapen hori aukeratu zuten, Donostiako itsasertzeko eskulturen ibilbidean txertatuta. Obraren merkatuko prezioa 5 milioi eurotik gorakoa da.
Nazioarteko eskultorea
Bere lana munduko museo eta bilduma garrantzitsuenetan dago ikusgai, besteak beste, Bilboko Guggenheimen eta Donostiako Miramar Jauregian. Serra, museo eta espazio publikoak eraldatu zituzten altzairu herdoilduzko horma erraldoiak erabiliz eskulturak sortu zituena, behatzeko ez ezik, esperimentatzeko ere diseinatutako sorkuntzengatik zen ezaguna.
Serra, Bilborekin eta Euskal Herriarekin hain lotuta zegoena, Jorge Oteizaren miresle sutsua zen. “Oteizaren lanak erakusten duen bakardade biziak nire baitan aitortzen dudan urrutiko izaera existentzialarekin lotzen du”, zioen Serrak. “Oteizaren hiru lanek obsesionatu egiten naute bere nagusitasunagatik”.