Turismoaren egoerak hirian ezinegona eta kezka piztu dituela salatu du EH Bilduk
Juan Karlos Izagirre EH Bilduren bozeramaileak eta Markel Ormazabal zinegotziak agerraldia eskaini dute turismoari buruzko "balorazioa egin eta egiteke dagoenaz mintzatzeko".
EH Bildu turismoari buruz aritu da udaletxean, eta prentsaurreko baten bitartez, Juan Karlos Izagirre EH Bilduren bozeramaileak eta Markel Ormazabal zinegotziak gaiari heldu eta balorazioa egin dute, egiteke dagoenaz mintzatuz.
EH Bilduk Donostian, “beste behin auzoak entzun eta haien beharrak jasotzeko aukera galdu” egin dela salatu du; izan ere, gida turistikoak erregulatzeko arauak muga batzuk jartzeko balio izan du, baina auzoen iritzia kontuan hartu gabe. Turista taldeak 25 pertsonara mugatu dira, eta bisitarien eta “turisten autobusek duten gaitasuna hartu da erreferentziatzat”, azaldu du EH Bilduk.
Turismoaren kudeaketak ezinbestean izan behar dituela donostiarrak erdigunean diote, eta turismo jarduera arautzeko eta antolatzeko urrats oro ongi etorria dela adierazi dute EH Bilduko kideek, baina Donostian turista taldeetako gehieneko pertsona kopurua mugatuko denaren iragarpena Aste Santuko oporraldiaren atarian ailegatu dela gaineratu dute, “sektorearen goi denboraldia hasteko aste batzuk baino falta ez direnean”.
EH Bilduk inkesta eta ikerketak mahai gaineratu dituzte, EHUko ikertzaile talde batek egindakoa, esaterako—%85k uste du partaidetza falta dela turismo politikak erabakitzeko garaian—. Horregatik, “egoerak donostiarrongan ezinegona eta kezka” piztu dituela nabarmendu dute eta hausnarketarako deia egiten dute.
“Jendartearen ezinegonak, ikerketekin demostratuak, erakusten du udal politikak ez direla beharrei erantzuten ari, eta orain ere, turista taldeak erregulatzeko neurriak garrantzitsuena den subjektuari bizkar eman diote EAJ-PSEk”, adierazi du Ormazabalek.
Halaber, ezarri diren ordutegiarekin ez daudela konforme eta aurretik ezarrita zegoena zuzendu ahal izateko aukera galdu dela baieztatu dute; izan ere, 08:00etatik 23:00etara bisita turistikoak egiteko aukera auzoaren beharretara egokitzen ote den galdetu dute baita ere.
Horregatik guztiagatik, EH Bilduk gogoeta bat irekitzeko deia egin du eta turismo estrategiaren erdigunean, begirada sektorean soilik jarri dutela salatu du.