Oporrak Bakean programak uda honetarako harrera familiak behar ditu
Apirilaren 11an bilera irekia antolatu dute udaletxean, programa bera azaltzeko eta bertan baldintza guztien berri emateko asmoz.
Aurreko urteetan bezala, Donostiako Udalak Oporrak Bakean programa jarri du abian, Fronte Polisarioarekin elkarlanean. Horri esker, Saharako basamortuko 8 eta 12 urte bitarteko hamabost haur etorriko dira Donostiako familia banarekin uda pasatzera, baina familiak behar dituztela azaldu dute programako kideek.
Otsailaren 24an 300 harrera familia topatzeko kanpaina hasi zuten, eta Donostiari hamabost familia dagozkio. Aurreko urteetako familiek errepikatuko dute aurten, baina azaldu dute familia berri bakar batek ere ez duela izena eman. Horretarako eta haur errefuxiatu sahararren udako harrera programaren azalpenak eskaintzeko, arduradunek bilera irekia antolatu dute apirilaren 11an, udaletxean.
Haurren harrera inoiz baino beharrezkoagoa da, eta programaren helburuak urteetan ez dira aldatu: “Udako baldintza gogorretatik aldentzea, osasuna hobetzea elikadura orekatu baten bitartez, osasun azterketak egitea, beste errealitate bat ezagutzea, euskal herritarrak sentsibilizatzea eta harremana sustatzea”.
Halaber, programan azaltzen duten moduan, gerora, harreran hartutako haurraren familia ezagutzerakoan kanpamentuetara bidaiatzeko aukera izaten dute, eta haiek ere Saharako bigarren familia bat osatzen dute. Halaber, aniztasuna kudeatzen ikasi eta elkartasuna eta enpatiaren moduko balioak lantzen dituzte. Gainera, programa honetan parte hartzen duten familiek bizitzako egoera ezberdinak beste begi batzuekin begiratzen ikasten dute.
Horregatik guztiagatik, programako arduradunek deialdia zabaldu nahi dute, eta apirilaren 11an egingo duten bilerara gerturatzea animatzen dituzte herritarrak.