Bikoteka egin ahalko da aurten Txirrita mendi lasterketa
Abuztuaren 4an egingo dute II. Txirrita mendi lasterketa, eta berrikuntza bat izango du probak aurten, bikoteka egiteko aukera jarriko baitute antolatzaileek.
Modalitate horretan parte hartzeko, bikoteko kide batek, gutxienez, emakumea izango beharko du, eta honakoa izango da funtzionamendua: bikoteko lehen kideak Txoritokieta arteko tartea egin beharko du (7,5 kilometro) eta bigarrenak handik San Martzial plazarainokoa (9,2 kilometro). Izena emateko epea oraindik ez dago zabalik, baina antolatzaileek jakinarazi dute laster iragarriko dutela noiz irekiko duten izen ematea.
Iaz egin zuten estreinakoz Txirrita mendi lasterketa, eta 150 lagunek egin zituzten ibilbideko 16,7 kilometroko ibilbidea. Altzako San Martzial plazatik hasita eta han bukatuta, Altzako, Errenteriako eta Astigarragako lurretatik aritu ziren korrika. Ibai Makazaga Aristi (1:15:16) gizonezkoetan eta Erika Alvarez Alduncin (1:32:19) emakumezkoetan izan ziren azkarrenak. Hemen ikus ditzakezue iazko argazkiak.