Elkarretaratzea egin dute udaletxean, 'bakegileei' babesa adieraziz eta absoluzioa aldarrikatuz
Elkarretaratzea egin dute gaurkoan Donostiako udaletxean, Parisen epaitzen ari dituzten Beatrice Molle eta Jean Noel Etxeberri Txetx bakegileei babesa adieraziz. Kontzentrazioa ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek deitu dute jendarte zibileko hainbat ordezkariekin —Antxeta Irratia, Bilgune Feminista, Etxerat, Egiari Zor, Gernika Batzordea, Herri Eliza, Hitz&Hitz, Bakea eta Duintasuna eta Sare— batera, kideen absoluzioa aldarrikatzeko. Fiskaltzak hamar urteko kartzela zigorra eskatu eta, baita 100.000 euroko isuna ere.
Epaiketa atzo hasi zen eta gaurkoan du jarraipena, Pariseko Zigor Auzitegiko 16. ganbaran, ETAren armak eta lehergaiak edukitzea eta ETArekin lotura izatea egotzita. 2016ko abenduko Luhusoko armagabetze operazioan laguntzeko lanetan ari zirela atxilotu zituzten bost kide. Haietatik, bi hilda daude, Mixel Berhokoirigoin eta Mixel Bergougnan. Bosgarren atxilotua, Stephane Etxegarai Etxe, errugabetu zuen.
Bi bakegileek atzo adierazi zutenez, atzera eginez gero, berriro ere egingo lukete, euren helburua zelako “ETAren armagabetzea lehenbailehen burutzea eta Euskal Herriaren gatazka behin betiko amaitzea”.