Altzako emakumeen eskubaloi taldea
Gutxi iraun zuen, baina bidea urratu zuten hainbat emakumek Altzan, lehenengo eskubaloi taldea osatuta. Estibaus atarian Gazte-Lekuko taldearen historia jaso dute.
Estibauseko Antxon Alfarok berriki jaso du Altzako emakumeen lehen eskubaloi taldearen historia. Bene Macias jokalari ohiak gogoratzen duenez, 1972. urtearen amaiera aldera, Roberto Mendigurenek animatuta, Gazte-Leku elkarteko neska batzuk eskubaloi talde bat osatzeko entrenatzen hasi ziren: «Ez zuten inoiz eskubaloian jokatu. Ez zuten ideiarik ere. Urte haietan, neska batzuk eskubaloian edo beste edozein kiroletan aritzea ez zen batere ohikoa, are gutxiago Altzan».
Taldea martxan jartzeko, Eskubaloi Federazioari laguntza eskatu zioten eta entrenamenduak kaleko arroparekin egiten zituzten, Santa Barbara eta Arriberri artean dagoen plazatxoan. «Ondo funtzionatzen ez zuela» ikusita, federazioak Mariano Martinez Cascaniri proposatu zion Altzan sortutako emakumezkoen taldea entrenatzea.
1973-1974ko denboraldian hasi ziren jokatzen, eta «gogor» entrenatzen zuten. Antza, «entrenatzen zuenak jokatuko du» leloa jarri zien Martinezek. «Lelo hori praktikara eraman zuen beti, eta gogoratzen du noizbait partida galarazi ziela». Prestaketa ona lortu zuten: «Romualdo de Toledo ikastetxean zehar korrika jaisten ziren Herrerara, eskaileretan gora eta behera korrika. Gehienek zaletasun handia zuten eta oso gutxi huts egiten zuten entrenamenduetara. Gehienak Altzakoak ziren, baina baziren inguruko beste herri batzuetakoak ere».
Entrenatzeko leku bila
Gauez entrenatzen zuten, 21:00etatik 23:00etara, eskolako patioan, baina baldintzak ez ziren oso onak izaten, euria egiten zuenean oso erraz egiten baitziren putzuak, eta oso zaila baitzen edozein kirol jarduera egitea. Hainbat bileraren eta eskaeraren ostean, hezkuntzako ordezkaria zen Don Bernardok gimnasioa utzi zien entrenatzeko.
Nesken taldearen inguruan, haien lagunak, senideak eta bikotekideak ibiltzen ziren. «Talde horrek ikastetxeko patioa garbitzen laguntzen zuen partidak jokatzen zituztenean. Dirua ateratzeko, zozketetako txartelak ere saltzen zituzten, oso baliabide ekonomiko gutxi baitzituzten. Baloiak erosi behar zituzten, arbitrajeak ordaindu, bidaiak, fitxak, eta abar».
Alfarok dioenez, denboraldi horretan, Donostiako Kopan parte hartu zuten talde hauekin batera: ADEM Akademia, Ayete Gurelesa, Esnatu, Bidebieta, Pasaia eta Soliño.
Talde indartsua
Hurrengo denboraldian, 1974-1975koan, taldea «sendotuta» zegoen eta kirol maila ona zuten. Taldea hamabi jokalarik osatzen zuten, eta kapitaina Marisa Villar zen.
Kirol ikuspegitik, denboraldirik onena izan zen. Emakumezkoen 1. mailan parte hartu zuten, Ayete Gurelesa, OLT Sanitarios, Esnatu Zugasti eta ADEM Akademiarekin batera. Gipuzkoako txapeldunorde izan ziren, eta Ayete izan zen txapeldun. Donostiako Kopan ere txapeldunordeak izan ziren, finalean Medinarekin galdu ondoren. Urte haietan Medina taldea Espainiako ligako txapelduna zen. Espainiako Federazioaren txapelketan ere parte hartu zuten, baina ez zuten emaitza onik lortu. Denboraldia amaitzean, Gipuzkoako Federazioak kiroltasunaren garaikurra eman zien.
Denboraldi bikain hau biribiltzeko, Gipuzkoako entrenatzaile onenaren saria eman zioten Martinezi. Denboraldi horretan, Ohorezko Mailara igo zitezkeela jaso du Alfarok. Ordea, uda osoan zehar inguruan babesle bila ibili ziren arren, ez zuten lortu.
Ezin mailaz igo
Garaian emakumezkoen talde oso gutxi zeudenez, federazioko txapelketa ofizialetan parte hartzeaz gain, txapelketak antolatzen ziren denboraldi osoan zehar lehiatzen jarraitzeko. Txapelketa horietako bat Iruñeko Anaitasuna pabiloian jokatu zuten, 1974ko abenduaren 28an, Iruñeko C.R.E.F.F.-ren aurka. Gazte-Lekuko taldeak 8-7 irabazi zuen partida.
1975-1976ko denboraldian ere ezin izan zuten Ohorezko Mailara igo baliabide ekonomikorik ez zutelako, eta, ondorioz, emakumezkoen 1. mailan jarraitu zuten beste bost talderekin: ADEM Akademia, Ayete Gurelesa, Soraluze, La Paz eta Esnatu.
Itxura denez, denboraldi horretan taldearen gainbehera hasi zen, aurreko denboraldian lortutako kirol arrakastaren ondoren. Jokalari onenak beste talde batzuek fitxatu zituzten: «Flori Solana Bidebietak fitxatu zuen eta Pasaiak Marisa Villar, hasieratik kapitaina izan zena. Beste batzuek ezkontzean utzi zuten, Jesus Noguerasekin ezkondu zen Cristina Gomez, kasu». Jokalari berriak etorri ziren arren, taldearen maila ez omen zen lehengora itzuli.
«Denboraldia aurrera ateratzea lortu zuten, baina nolabaiteko etsipena nabari zen. Taldea mantentzea oso garestia zen eta federazioak ez zuen laguntza handirik ematen. Horri gehitu zitzaion Gazte-Lekuko batzarrak jokalarien bidaiak ez ordaintzeko erabakia hartu izana». Horregatik, ahalegin handiagoa egin behar izan zuten laguntza ekonomikoa lortzeko, batez ere zozketetarako txartelak salduz. «Interes handia zuten, baina laguntza gutxi», azaldu dutenez. «Gainera, inguruko jendearen babesa eskasa zen, nahiz eta kirol-emaitza onak lortu. Partidetara jende gutxi joaten zen ikustera».
Gauzak horrela, 1976/77 denboraldia izan zen taldearen azkena, arrakastarik ekarri ez zuen arren, bidea urratu zuten Altzako emakumeen eskubaloi taldearena.