Mikel Casalek Madrilgo liburu azokaren kartela aurkeztu du
Donostiarrak eskuz egin du kartela, eta teknika digitalarekin batera, ehunduren nahasketa hibridoa lortu du.
Mikel Casal ilustratzaileak (Donostia, 1965) aurtengo 83. Madrilgo liburu azokaren kartelaren diseinua egin du, eta jada plazaratu egin du. Azokaren aurtengo gaia kirola izanik, irakurketaren eta kirolaren arteko harreman estua da diseinuak eskaintzen duen heldulekua. Izan ere, azokaren antolatzaileen esanetan, “biek lantzen dituzte gorputza eta burua”.
Casalek eskuz egindako ehunduren nahasketa hibridoa, teknika digitalarekin nahastu du, eta erabili dituen elementu nagusiak geometrikoak dira. Entrenatu zure burua, irakurri zure gorputza lelopean, Parisen jokatuko diren Joko Olinpikoak nabarmendu ditu kartelean.
Maiatzaren 31tik ekainaren 16ra arte El Retiro parkean ospatuko den liburu azokak enpresa, erakunde, irakurle eta idazle ugari elkartzen ditu urtero, eta jarduera, irakurketa eta liburuak sustatzea du helburu.
Mikel Casalek Parte Zaharreko San Jeronimo kalean bere denda propioa du, eta bertan, bere lanarekin sortutako ilustrazioa, kamisetak eta poltsak, besteak beste, saltzen ditu. Halaber, 2016ko Euskadi Ilustrazio Saria eta Society for New Design-en zilarrezko domina irabazi zituen, eta nazioartean ezagunak diren The Guardian, Vanity Fair eta Sunday Times hedabideentzat lan egin du.