«Proiektu serioa da, baina gu parrandazale hutsak gara!»
Udaberria aztoratuta ekarri du Donostiako La Txama taldearen sorrerak. 'Musa 13' kanta kaleratu berri, Donostiako eszenan ezagunak diren musikariek corrido tumbadoen lehen euskal taldea osatu dute. Lehen kanta gazteleraz den arren, euskaraz ere badatozela argitu dute elkarrizketak iraun dituen bi garagardoen artean.
Nola sortu zen taldea?
Aitor Valcarlos (A.V.): Peio Armendariz, Peye eta hiruok igandetan juntatzen hasi ginen. Skakeitan utzi berri genuen eta musikan mutil zahar geunden. Asko gustatzen zaigu musika egitea, eta hor genbiltzan, zerbait egin nahi genuela eta. Mexikotik datorrena asko gustatzen zaigu: rantxerak, korridoak…
Ion Arratibel ‘Peye Honey’ (P.H.): Estudioa dugu Astigarragan, eta erraztasun handia eman digu horrek. Probatzera etorri ginen, eta gutxinaka, forma hartzen joan zen.
Eta zer atera zen?
A.V.: Nik argi nuen corrido tumbadoak egin nahi nituela, eta hortik abiatu ginen. Boleroren bat, cumbiaren bat ere sartu dugu. Gainontzeko taldekideak proiektura gehitzen joan ziren: Jon, betiko laguna, Afu baita ere, eta Tuli gitarran, alma materra. Selekzio bat osatu dugu.
Zer da, baina, corrido tumbadoa?
Afu: Mexikoko musika tradizionalean, batez ere landa eremuan, egiten zen estiloa da korridoa.
Jon Viejo Prieto (J.V.P.): Mexikar iraultzan jarri zen bogan. Korridoak erabili ziren Erdi Aroko trobadoreen moduan, herriko kontakizunak kontatzeko modurik onena abestea dela konturatu zirenean. Korridoak benetako istorioak kontatzen ditu, eta rantxerak ez du zertan. Hori da alde nagusia.
A.V.: Eta gero narcocorridoak daude. Gatazkatsua da, narkotrafikatzaileen inguruan hitz egiten dutelako, benetako istorioak eta mitoak nahastuz. Artista asko droga kartelekin lotu dituzte, biolentzia eta polemika askorekin.
J.V.P.: Badago bideo oso ezagun bat, Chalino abeslariarena. Bertan ikusten da nola kontzertu baten erdian nota bat pasatzen dioten, eta bere aurpegia zeharo aldatzen den. Ordu gutxiren buruan hil zuten.
A.V.: Geure kasuan, oraingoz behintzat, gauza pertsonalagoak dira. Hala ere, Peiok letra bat egin zuen Lezo Urrestieta gudariarena. 36ko gerran kontrabandista bat zen, eta espetxeratu nahi zuten jendea Frantziara eramaten zuen txalupa batean. Dokumentala zegoen, baina abestia falta zitzaion.
«Zenbat aldiz juntatzen garen ezer ez egiteko, eta amaitzen dugun kristoren ekarpenak egiten! Tira… eta alderantziz ere!»
Eta musika aldetik nolakoa da?
J.V.P.: Historikoki gitarrekin jotzen ziren korridoak. Gero, Europako erritmoak eraman ziren, Alemaniako polka eta balsa, esaterako. Mexiko herrialde mestizoa da, eta musika asko Espainiako Inperiotik datoz.
Afu: Reggaea da beste adibide bat. Kolonialismoaren eraginez, Jamaikan gertatu zena. Kolonizatzaileen kulturaren zati bat hartu zen, kasu horretan instrumentuak, eta zerbait berria sortu zen. Kolonizatzaileen instrumentu berak erabiltzen dituzte, baina helburu erabat ezberdin batekin.
J.V.P.: Jazzarekin berdin-berdina gertatu zen. Independentzia gerra amaitu zenean, bigarren eskuko instrumentuen merkatu izugarri bat sortu zen. New Orleansen gehiengoa esklaboak zirenez, ahal zuten moduan egiten zuten, eta instrumentu horiek iritsi ziren. Dixieland estiloa, adibidez, da musikari militarrak kantinara joaten zirenean. Egunean zehar jotzen zuten berbera jotzen zuten gauean, baina zeharo mozkortuta. Martxa militarrak dira, baina beste funtzio batekin.
Eta ‘tumbadoa’?
Afu: Natanael Cano, Peso Pluma eta jende honek guztiak egin du. Musika urbanotik edaten dute eta abar, baina haien sustraiei uko egin gabe. Corrido tumbadoek prekarietateaz hitz egiten dute, bai Mexikoko bizitza sozialaren inguruan, eta baita globalagoak diren problematikekin ere. Narcocorridoen problematikaz gain, bestelakoak ere ukitzen dituzte. Hori da puntua: tumbadoa da ez doalako zutik [barrez].
Tuli da Donostian bizi ez den bakarra, ezta?
A.V.: Nik banekien bera gitarrarekin zebilela jo eta su, kanta mexikarrekin. Audio bat bidali nion proiektua esplikatzen, eta ez zidan kasurik egin. Durangoko Azokan, Ezpalak taldeko Juanjok komentatu zion zertan genbiltzan, eta audio bat bidali zidan: «Zertan ari zarete, musika mexikarra egiten, eta niri abisatu gabe?». Eta erantzun nion, entzuteko bidali nion audioa [barrez]. Bere erantzun automatikoa izan zen barruan zegoela.
J.V.P.: Oso ondo moldatu gara denon artean. Tuli datorren bakoitzean pare bat instrumental egiten ditu, hamabi sokako bere gitarrarekin.
Azkar zoazte, beraz.
A.V.: Bai, baina asko elkartzen garelako. Hemen egoten gara arratsalde pasa, eta gauzak ateratzen dira. Askotan, garagardo pare bat hartzera gatoz, eta instrumentu berri bat gehitzen dugu. Zenbat aldiz juntatzen garen ezer ez egiteko, eta amaitzen dugun kristoren ekarpenak egiten! Tira… eta alderantziz ere: zerbait egiteko geratu eta mozkor-mozkorrak amaitu! [barrez].
Argitaratu duzuen ‘Musa 13’ kantaren izena nondik dator?
P.H.: Hamahirua zorte txarraren zenbakia da. Hori da txama bat. Mexikon heriotzarekin lotuta dago, baita ere.
Hasiera batean, Musa hamahiru hamabi izan behar zen, baina horrela gelditu zen azkenean. Maitasunari eta desamodioari buruzko letra bat da, baina ez da bat ere itxia. Interpretazio ezberdinak izan ditzake, egoera pertsonal ezberdinen arabera.
«Lokatza jan nahi dut hasieran, eta gero ikusiko dugu… Zeren gu lokatzetako talde bat gara!»
Zer bilatzen duzue taldearekin?
A.V.: Ez gara mexikarrak, eta ez dugu izan nahi —zentzurik onenean, e!—. Baina bai nahi dugu soinua mexikarra izan dadila. Gitarra presente egotea, haizeak indartsuak, eta helikoia «bien perron» izan dadila.
J.V.P.: Estiloaren bereizgarria da oso fuerte jotzea, eta oso zehatz, nota bakar batek ere ihes egin gabe. Hori lortu nahi dugu.
A.V.: Hiruok tronpeta, tronboia eta bonbardinoa jotzen ditugu, eta beraz, batera edo bestera moldatu gaitezke.
Festa ere bilatuko duzue, ezta?
P.H.: Zuzenekoetan ondo pasatzea da gure helburua, eta hori ere jendearekin partekatzea. Ahalik eta hoberen egin nahi dugu, baina ondo pasatzera gatozela ahaztu gabe.
A.V.: Guretzat proiektu serioa da, baina gu parrandazale hutsak gara, zer egingo diogu! Festa da oinarria, txaranga bat izan gabe.
Zer harrera du musika mexikarrak hemen?
A.V.: Euskal Herria musika mexikarraren oso-oso fan izan da. Lau biztanleko Nafarroako herri batera zoaz, eta haurrak eta amonak, denak daude rantxeren eta mariatxien zain.
Zergatik?
A.V.: Zergatik ez dakit, baina musika oso atsegina da. Goizean jo dezakezu, eguerdian, bazkalostean, arratsalde pasan, edo gaua sartuta. Beti dator ondo!
Kojon Prieto eta Zopilotes Txirriaos dira erreferenteetako batzuk?
A.V.: Zopilotes Txirriaos ez dira gure erreferenteak, argi geratu dadila. Antzekotasunak dauden arren, genero oso ezberdinak dira. Naparmexa deitzen diote haiek. Esentzia antzekoa da, baina beste kontu bat da. Bateriarik ez dugu guk, eta erritmoa haizeek daramate erabat.
Zer asmo duzue aurrera begira?
A.V.: Udan hasiko gara kontzertu batzuekin, eta ea nola doan. Durangoko Azokarako diskoa argitaratuko dugu, eta gero, jo daitekeen guztia jotzera.
J.V.P.: Lagun arteko zerbait da, eta kito. Bakoitzak bere lana dauka. Premisa da, gauzak ondo egitea, eta gutxika egitea.
A.V.: Nik ez ditut talde batean prozesu naturalak saltatu nahi. Lokatza jan nahi dut hasieran, eta gero ikusiko dugu… Zeren gu, gu lokatzetako talde bat gara! Horretarako talde bat da.
Afu: Jaunartze batean eta hileta batean, edozein tokitan ikusten dugu geure burua!