«Zure ni-a da zure osotasuna»
Nerea Arriola Urberuaga (Gros, 1988) aktorea, antzerkigilea, umorista eta erizaina da. Irratian aritzen da, eta telebistan eta pantaila handietan ikusi izan dugu. Bakarrizketei eta performanceei estima die eta clowna da, aipatu bezain pronto, begirada leuntzen diona. Irakaslea eta ikaslea da. «Beti ikasle», dio berak.
Denetarik egiten duzula esan genezake. Nola eta non hasi zenuen zure ibilbidea?
Antzerkiarekin eta oholtzarekin hasi nuen. Betikoa: lagunak apuntatzen dira eta zu ere. Zurriolan ikasten nuen eta bertako antzerki eskolan hasi nintzen, 8 urte nituela. Zorte handia izan nuen, kultura oso handia zegoelako, gaur egun bertan egoten jarraitzen duen moduan.
Segituan maitemindu zinen?
Bastante azkar enamoratu nintzen, bai. Mimo egin genuen lehenengo urte horretan eta prozesuarekin eta sentipenarekin gogoratzen naiz.
Gurasoen aurrean egin behar izan genueneko prestakuntza, urduritasuna eta aurpegia margotu zigun ama gogoan ditut. Oso urduri ginen denok, oso harro.
Orain zu zaude irakaslearen aldean, baita ere.
Hori da, bai. LH4 eta LH6 mailetako ikasleekin nago aurten, eta clowna lantzen dugu. Binahi akademian nerabeekin eta helduekin lan egiten dut eta oso polita da sudurra jartzen eta kentzen ibiltzea.
Nola lantzen da clowna?
Komediak badu bere teknika. Batzuetan esaldi batek, hitz batek edo isilune batek segundo bat lehenago edo segundu bat beranduago ez du funtzionatzen. Hor izan behar du. Tempoa da. Nola lortzen da? Jarrerarekin. 30 segundoz egon zaitezke geldi eta isilik, baina gorputzarekin asko transmititzen.
Zer da zuretzako clowna?
Sudurra jartzean bizitza begiratzeko duzun beste helduleku bat da niretzat. Komikoa da, baina inozentziatik da komikoa, eta inozentea den heinean, irribarrea sortzen dizu.
Gainera, bihurria da eta ez du maliziarik. Heldutasunetik irteteko aukera da, deskonektatzeko eta jolasteko.
Ez dugu jolasten.
Ez. Clownak ere heldua zarenean kontrolatu nahi dituzun gauzetatik ateratzen laguntzen dizu. Eginarazten dizu: ez pentsatu, egin. Frustratu, frustrazioa onartu, segi aurrera. Bizitza den moduan.
«Clowna bihurria da, eta heldutasunetik irteteko, deskonektatzeko eta jolasteko aukera ematen du»
Bizitzaren beste arloetarako lagungarri egiten zaizu?
Gustatuko litzaidake, baina ez da horren erraza.
Zergatik?
Bizitza konplikatuagoa delako. Bizitzan ere sudurra jarri eta kendu dezakezu,bai, noski, baina oholtza gaineko urduritasunak gehiago kontrolatzen ditut.
Azkenaldian, baita ere, irratian aritzen zara. Gustuko duzu?
Irratian ahotsarekin lan egitea asko gustatzen zait. Ezin ditudanez erabili normalean oholtza gainean erabiltzen ditudan tresnak, bapatean hitza garrantzitsuena da eta hori polita da. Sexya da.
Erotikoa da?
Bai, ahotsak dituen ahalmena eta plastikotasuna kontrolatzen dituzulako. Bikoizketan ikasi nuen ahotsa garbitzen eta horren gaineko kontzientzia hartzen, eta nire ahotsa maitatzen ikasi dut.
Gainera, modu batera edo bestera, jendeak nire ahotsa ezagutzen duela konturatu naiz. Esaterako, Cinco lobitos filmean, planoan agertu aurretik nire ahotsa entzuten da eta jendeak bazekien ni nintzela. Horrek sekulako ilusioa egin dit.
Segurtasuna irabazten duzu zapaltzen duzun espazio berrian.
Txikitatik, askok bezala, pentsatzen nuen, «zer ostia esango dut nik». Baina baliabide asko daude, ikasi daitekeen teknika da, irratian, oholtzan edo inprobisazioan praktikan jartzen dena.
Azken finean, zure ni-a da zure osotasuna. Zure ahotsa, zure gorputza eta zure erritmoa zureak dira. Gero eta seguruago sentitzen naizela esan genezake. Gainera, betidanik dena ikasi nahi izan dut eta nire burua ikasle kontsideratzen dut, beti.
Lur asko geratuko zaizkizu oraindik zapaltzeko. Norabiderik ba al duzu?
Dena nahi dut [barrez]. Zorte handia izan dut hainbat diziplina ukitu ditudalako. Batzuetan finago eta beste batzuetan kaskarrago, baina egin ditut.
Pendiente dudan hori idazketa da. Egiten dudan idazketa oso azalekoa delako, denbora gutxirekin idatzia. Ez dut inoiz dramaturgiarik idatzi. Nik gauzak kontatzen ditut eta forman desberdina da. Hortxe desafio berria: idazketari buelta bat eman, eta ez bada leku eroso bat, goazen hori ere garatzen saiatzera.
«Sorkuntzan, emaitza gorabehera, irakaspen handiak izaten dituzu beti, nahiz eta prozesua gogorra izaten den»
Aurretik zerbait idatzi duzu?
Idazketa automatikoa landu dut. Behin hasita ezin duzu gelditu, ezin duzu hausnartu. Antzerkiko inprobisazioan ere gertatzen da, eta, behiangoagatik, ezin dira arauak jarraitu, eta buruari permititzen diogu aurrera jarraitzea. Sormenerako zoragarria da eta konturatzen zara zuk jartzen dizkiozula buruari mugak, idazketak edo arteak berak ez zaitu zu mugatzen.
Zer berri idatziko zenuke?
Testu txikitik hasiko nintzateke, kontakizun txikian. Ea mamutxoak zer dioen, batzuetan «zuk ez» esaten duena.
Zer erantzungo zenioke?
Egunaren arabera.Batzuetan pikutara bidaltzen dut eta beste batzuetan kasu egiten diot, mundu guztiak bezala eta normala den bezala. Nire parte bat da, eta inportantea, gainera. Batzuetan, beldurrek salbatzen gaituzte.
‘Olagarrua’ obra da estreinatu duzun azkena. Zer moduz?
Esperientzia oso polita izan da. Aberatsa eta interesgarria. Beste modu batera lan egiteko aukera izan dugu. Hala ere, sorkuntzak gogorrak dira, erritmo monotomo batean zaudelako, gaiarekin obsesionatuta, baina leku politetara eta harritu nauten tokietara eraman nau oraingoan sorkuntza honek.
Zerk egiten du sorkuntza horren gogorra izatea?
Neke mentalak. Eta bertatik gauza benetan politak ateratzen dira, baina neketik ateratzen dira. Sorkuntzan, emaitza gorabehera, irakaspen handiak izaten dituzu beti, nahiz eta prozesua gogorra izaten den. Lanerako beste forma bat da. Oso polita da.
Irrikitaldietako apaiza eta Dolox, esaterako, izan dira baita ere zure sorkuntzatik atera diren pertsonaiak.
Zoragarria da. Apaizaren errealitatetik guztiz at nago eta katartikoa da tirania gorpuztea. Oso polita da satira eta politikoki ados ez zauden hori performatzea oso dibertigarria da.
Doloxen kasuan desberdina da. Dolox nire pertsonairik politena dela esango nuke eta beti egongo da hor. Polita da Doloxen betaurrekoak jartzen ditudanean pertsona helduen errealitatea bizi ahal izatea. Batzuetan, pertsonaiak modua ematen dizu zuk zeuk esango ez zenituzkeen gauzak esateko.
Bestelako gaiak landu dituzu, baita ere. Zinegoak LGBTIQ+ zinema festibala lau urtez aurkeztu duzu.
Sexualitateaz ez nuen aurretik hitz egin, baina Aitziber Garmendiak eta Maren Gonzalezek nire izena mahai gainean jarri zuten, eta aukera hau eskaini zidaten. Bilboko Arriagan alutik eiakulatzeari buruz aritu nintzen.
Dibertigarria dirudi.
Bai. Baina ni lotsatia naiz. Hala ere, oholtza gainean kontrola zuk duzula esan dizut, eta oraingoan errepikatzen dut.
Gainera, Arriaga espazio goxo sentitu nuen eta asko emozionatu nintzen. Nik kolektiboa oso gertu eduki izan dut beti, baina ez magnitude honetan. Zinegoak eta ni hor kokatzea oso dibertigarria izan zen. Plaza hori hartzea eta bertan zerbait sortzeko aukera izatea.
Korrikan esatari moduan ere parte hartu duzu aurten.
Ai, zorte handia izan dut. Maitasun guztiarekin bizi izan dut eta furgonetaren barrutik bizitzea zoragarria da. Oso berezia eta ardura handikoa, ekintzarako suposatzen duenagatik.
Gainera, euskararen errealitatea plazaratzen duen beste erakusleihoa da eta perspektiba hartzen laguntzen dit. Auzo bakoitzean errealitatea desberdina da eta bakoitzak bere modura bizi du. Begirada zilborretik ateratzeko aukera paregabea da furgonetaren barruan egotea.
«Batzuetan, pertsonaiak modua ematen dizu zuk zeuk esango ez zenituzkeen gauzak esateko»
Eremu asko landu dituzu, bakarrizketak tarteko. Noiz izan zen zure lehenengoa?
Sardiñeren kofradiarekin egin nuen nire lehenengo monologoa, pixari buruz. Oso lotsatuta nengoen, ordura arte oholtzaren gaineko lanak pertsonaia baten gorputzetik landu nituelako.
Baina ederra izan zen. Garai horietan sortu zen, gogoan dudala, pixaren iraultza, gutxienez Donostiako Mugimendu Feministan, eta pixa zutik egitea aldarrikatu zen, esaterako. Gainera, urte horretan jendetza egon zen Piratetako kontzertuetan eta sei komun zeuden zutikako komunak laukoitza zirenean.
Komikietan ere esperientzia duzula jakin badakigu. Nola sortu zen ‘Krak’?
Uxue Bereziartuarekin, Berexiart sare sozialetan, elkarlanean aritu izan gara. Herria aldizkariko kideek lodiaktibismoaz aritzeko eskatu zidaten, baina idatzikoan egitea baino, Uxuerekin bueltaka, komikia lantzeko ideia suertatu zen.
Zenbat komiki atera dituzue jada?
Hiru. Azkenekoa Itziar Castroren heriotzaren ostean argitaratu genuen. Gehiago egingo ditugu, aurrera goaz.
Lodifobia eta lodiaktibismoa bakarrizketetan landu dituzu?
Bai, 2022ko irailean Gernikako Jatunaldietan lodifobiari buruzko monologoa egin nuen, eta zorionez, ikusten ari gara lodifobiaren eztabaida erdigunean ipintzen ari garela eta hori oso inportantea da, nahiz eta batzuetan biolentzia askorekin jartzen den.
Esan bezala, zorionez, gauza asko egiten ari dira eta lodiaktibismoan estruktura eta mugimendu antolatua sortzen ari da.
«Gazteekin lan egiteak nire nerabetasunarekin konektatzeko aukera eskaintzen dit. Nik jaso dudana eskaini nahi diet»
Gaur egun, erizaintza ez da zure ogibidea, baina ibilia zara ere.
Bai, eta gustuko dut profesioa. Oso humanoa da eta komunikazioa asko lantzen da bertan. Nahiz eta ez izan nire pasioa, disfrutatu izan dut.
Gainera, iruditzen zait ez dugula zertan beti lan egin behar gure pasioan, ez duela zertan izan behar horrela. Uste dut erizaintzan, edo antzeko lan arloetan, askotan bokazioarekin lotzen dugula zaintza esplizituki bertan dagoelako. Baina tratu humanoa dela gure lanaren parte dena, ez da bokazioarekin beti lotu behar.
Nola bizi izan duzu profesio hau?
Zaintzaren kontzeptua ez da modu profesionalean lantzen. Oraindik ez dago Tiktoken zaintzaren gaia. Aurrekoan honi buruz hausnartu nuen: ematen du oraindik zaintzari ez zaiola ematen estatus publikoa eta horregatik ez duela kodigo profesionala, baizik eta bokazionala. Ez dudala ezer bokazioaren aurka, baina ezin dugu soilik horrela izan behar duenik pentsatu. Garbitzaileen egoera oso antzekoa da.
Gazteekin lotura izugarria duzula nabaria da. Zer dute gazteek zuretzako?
Espiritu kontua dela uste dut, ez dudalako inoiz konektatu nire edadeari dagokion horrekin; hau da, 35 urte ditut eta suposatzen da ama izan beharko nintzatekeela. Nik uste dut banaizela generazio bat presio hori sentitu duena eta gazteek beste ikuspuntu bat eskaintzen didate. Beste ikuspuntu bat eta beste freskura bat.
Nerabetasuna zaurgarria da.
Bai, eta hori oso polita dela uste dut. Adina oso zaurgarria da, eta haiengan modu batean edo bestean, eragiteko aukera izatea zorte handikoa izatea da.
Zer uste duzu eskaintzen diezula gazteei?
Energia positibo asko. Eta bueltan, asko ikasten dut nik. Gainera, nire nerabetasunarekin konektatzen laguntzen didate. Haiei nik jaso dudana eskaini nahi diet, nire erreferenteak horrelakoxeak izan direlako. Clownak, dibertigarriak eta serioak, dena aldi berean.
Espiritua aipatu duzu. Definituko zenuke?
Jolasteko gogoarekin ez duzunean guztiz deskonektatu.