Dbuseko langileek babesa adierazi diote kaleraturiko gidariari
Donostiako Udaletxearen aurrean elkarretaratzea egin dute Dbuseko langileek enpresak kaleratu duen gidaria babesteko. Despidorik ez! lelopean kaleratzea gaitzetsi eta langilea bere lanpostura itzultzea eskatu dute. UGT, LAB eta Kurpil sindikatuek osaturiko Dbuseko enpresa batzordeak iragarritako hiru mobilizazioetatik lehena da gaur egin dutena.
Sindikatuen arabera, kaleratzearen arrazoia da gidariak bere ibilbideak batez besteko denboran baino gehiagoan egin izana, eta hori hiriko mugikortasun arazoen ondorioz eta lineen ordutegietan nahikoa aldaketa egin ez izanagatik gertatzen dela deritzote, ez langileen erruz.
Horren aurrean, Dbusek komunikatu bat plazaratu du, bere bertsioarekin. Azaldu dutenez, “Konpainiako langile bat kaleratzeko hartutako erabakiak, jakinda azken hamazazpi urteetan enpresak ez duela horrelako erabakirik hartu, eta langileak egindako alegazioak aztertu ondoren, ez du zerikusirik lineen ordutegiekin edo batzuetan hirian gertatzen diren trafiko arazoekin, baina bai, ordea, zuzendaritzaren ustez, Dbusek eskaintzen duen eta konpainiaren gainerako langileek ahalegin handiz eta eguneroko jardunean ematen duten zerbitzuaren kalitatearekin bat ez datorren jokabide batekin”.
Etzi, hilak 10, auto karabana baten bidez protestatuko dute, Dbusen egoitzatik 12:00etan abiatuta. Aldiz, ostiralean, hilaren 12an, berriz ere elkartuko dira udaletxearen aurrean, 12:00etan.