Udalak dolumina adierazi du Ardanza Lehendakari ohiaren heriotzagatik

Donostiako bandera haga erdian jarri du udalak, Ardanza lehendakari ohiaren heriotza dela eta.
Jose Antonio Ardanza Eusko Jaurlaritzako lehendakaria gaur hil da, bere etxean. Hala baieztatu du EAJk sare sozialetan: “Jose Antonio Ardanza Garro gaur zendu da, Kanalan, etxean. Min eta atsekabe handiz hartzen dugu berri hau. EAJ-PNV osatzen dugun gizon eta emakumeok gure doluminak luzatu nahi dizkiegu bere emazteari, Mari Glori Urtiaga, alaba-semeari, Nagore eta Aitor, eta familia osoari. Goian bego Ardanza Lehendakaria, pertsona ona, zintzoa, bakezalea, jeltzalea, abertzalea”. 1985etik 1999ra bitartean izan zen lehendakari, Carlos Garaikoetxearen lekukoa hartuta. Aurrez, Arrasateko alkatea (Gipuzkoa) izan zen, eta baita Gipuzkoako ahaldun nagusia ere.
Eneko Goia alkateak dolumina adierazi du sare sozialetan zabaldutako mezuan: “Goian bego Ardanza Lehendakaria. Bizikidetzaren aldeko bidea hartu eta Euskadi berri bat eraikitzeko euskarria izan zen gure herriak une ekonomiko eta politiko zailak bizi izan zituenean. Eskerrik asko bihotzez egindako guztiagatik. Egun handia arte”.