Oihana Vesga eta Igor Calonge dantzari donostiarrak sarituko dituzte Dantza Hilabetean
Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak (APDG) antolatutako Dantza Hilabetea aurkeztu dute gaur Viktoria Eugenia antzokian. Urtero moduan, hainbat jarduera eta ekitaldi antolatu dituzte. Horrekin batera, XXI. Dantza Saria banatuko dute, eta aurten bi dantzari donostiarrek jasoko dute: Oihana Vesgak eta Igor Calongek. Hilaren 28an jasoko dute Dantzaren Nazioarteko Egunaren XXVII. Galan, Viktoria Eugenia antzokian bertan.
Egun batzuk lehenago, hilaren 20an, XVI. Dantza Kalean ikuskizuna egingo dute Alderdi Ederreko lorategietan (17:00). APDGko 21 bazkideko 13 eskolek eta estilo garaikideko, jazzeko, neoklasikoko, klasikoko, urbano, aurre-dantzako eta street jazzeko piezak interpretatuko dituzten 281 dantzarik hartuko dute parte.
Aldiz, hilaren 21ean, 11:00etatik aurrera XXVI Kontxako Barandako ikuskizunaren txanda izango da. Adin tartearen araberakoa izango da. Horrela, 11:00etatik 11:30era Txikien Baranda egingo dute –Nautikotik Cafe de la Concha tabernaraino–, 11:50etik 12:20era Ertainen Baranda –hau ere, Nautikotik Cafe de la Concha tabernaraino–; eta, azkenik, 12:45etik 13:30era, Nagusien Baranda –Nautikotik Antiguako tunela bitarte–. Guztira, Gipuzkoako (Andoain, Astigarraga, Donostia, Hondarrribia, Irun, Pasai Antxo, Errenteria eta Tolosa) eta Bizkaiko (Ondarroa eta Lekeitio) 26 dantza eskoletako 31 irakaslek eta 1476 ikaslek parte hartuko dute.
Aurreratu gisara, XXVII. Dantzaren Nazioarteko Egunaren gala apirilaren 28an izango da, Viktoria Eugenia antzokian. Bi saio egingo dituzte; bata 12:00etan, eta bestea 19:00etan. Sarreren prezioa 24, 18 eta 10 eurokoa da. Gala horretan sarituko dituzte Oihana Vesga eta Igor Calonge.