«Proiektuaren tramitazioa aurrera doa bizilagunen aldaketak jaso gabe»
Udal gobernuak behin betiko onartu du Añorga Txikin 248 etxebizitza eraikitzeko proiektua.
Añorgako Geltokia plan bereziaren onarpenaren harira, Añorgatxikitarrak auzo elkarteak oharra plazaratu du. Udal gobernuaren erabakia komunikabideen bidez jakin dute, “auzoari aurretik jakinarazi gabe”. Horrekin batera, Tokiko Gobernu Batzordearen gaurko gai zerrendan hirigintza proiektu hori ez zegoela diote: “Geure buruari galdetzen diogu ea zilegi den gai zerrendan sartzen ez diren puntuak onartzea”.
Proiektua behin betiko onartu duten arren, udalbatzarrean berretsi behar dutela gogorazi du auzo elkarteak. Horrela ere, ezkor agertu dira. “Proiektuaren tramitazioa aurrera doa bizilagunen aldaketak jaso gabe”, deitoratu dute. “Gure komunitatea ez dago eremua leheneratzearen aurka, ezta ere han etxeak eraikitzearen aurka. Halere, udalak ondo dakienez, eta behin baino gehiagotan aitortu dutenez, 248 etxebizitzek masifikazio onartezina ekarriko dute hain espazio txikira. Gainera, Añorga lekurik gabe utziko dute behar dituen eta azken hamarkadetan eskatzen ari den azpiegituretarako”.