Udalak behin betiko onartu du Añorga Txikiko etxebizitzen proiektua
Auzoko eragileekin bilera bat egingo dute hilaren 23an onarturikoaren inguruko azalpenak emateko.
Donostiako Udal Gobernuak behin betiko onartu du Añorgako Geltokia azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia, ingurumen azterketa estrategikoarekin batera. Eremu horretan 248 etxebizitza inguru eraikitzea aurreikusten du. Horietatik, 46 babes sozialekoak izango dira, 46 etxebizitza babestu tasatuak eta 156 libreak. Udal gobernuak iazko azaroan berraktibatu zuen hirigintza proiektua.
Añorgako Geltokia azpieremuak 39.183 metro koadroko azalera du, eta Añorga Txiki hirigintza eremuaren barruan dago. Hara sartzeko bidearen eta ekialdetik mugatzen duen Euskotrenen bidearen artean, zati batean trenbidea integratuz.
Hauek dira udalak onarturiko txostenaren helburu nagusiak: Añorga Txiki hirigunean integratutako bizitegi garapen berriaren aurreikuspena; eremuaren zuzkidurak birkualifikatzea, ekipamendu berriak antolatuz, hiri multzoarentzako erlazio plaza batekin; Añorgako erreka aire zabalean irekitzea, gaur egun lurperatuta dagoen zatian; eta Euskotrenen geltokia Añorga Txikira hurbildu eta integratzea.
Bizilagunen kontrakotasuna
Añorga Txikiko bizilagunak hasieratik egin dute proiektuaren aurka, besteak beste, proiektuak herritarren iritzia aintzat hartzen ez duelako. Hori dela eta, manifestazioa eta giza kate ugari egin dituzte 2021eko irailetik hona.
Gaurko albistea jakin orduko, Añorgatxikitarrak auzo elkartearekin harremanetan jarri da IRUTXULOKO HITZA. Udala haiekin harremanetan jarri dela diote, eta hilaren 23an udaleko ordezkariek proiektuaren inguruko azalpenak emango dizkiete bilera baten bidez.
Etxebizitza proiektua aldatu eta egokitzeko asmoarekin, Atxiki Añorga auzo mugimendua sortu zuten. “Udalak auzoaren bizigarritasuna sakrifikatzen du, auzokideek planteatutako arazoak gutxietsiz, eta enpresa eraikitzaileak negozioa egiteko duen eskubidea lehenesten du”, salatu dute hainbatetan.
Horrekin batera, kritikatu dute udalak ez duela kontuan hartu hirigintza garapena lehendik bazegoen auzo baten barruan egongo dela: “Ondorioz, eremu komun mugatuak, mugikortasun eta aparkaleku arazoak eta bizi kalitatearen galera ekarriko du. Auzoak duela hamarkada batzuetatik hona eskatzen dituen etorkizuneko azpiegitura eta zerbitzuetarako ingurune horren zati bat erabiltzea ezinezkoa izango da”. Horregatik, hasieratik eskatu dute auzoari entzutea proiektua birpentsatu eta birdimentsionatzeko, Añorgaren ezaugarrietara, beharretara eta tamainara egokitzeko.