Dbuseko langileek protesta egin dute kaleraturiko gidariari elkartasuna adierazteko
Dbuseko enpresa batzordeak iragarritako hiru mobilizazioetatik bigarrena egin du gaur goizean. Enpresak kaleraturiko gidariari elkartasuna adierazi diote autoen karabana baten bitartez. Dbusen egoitzatik abiatu dira 12:00etan eta hiriko hainbat kale zeharkatu dituzte Despidorik ez! kartelekin.
UGT, LAB eta Kurpil sindikatuek osaturiko Dbuseko enpresa batzordeak kaleratzea gaitzetsi eta langilea bere lanpostura itzultzea eskatu dute. Sindikatuen arabera, kaleratzearen arrazoia da gidariak bere ibilbideak batez besteko denboran baino gehiagoan egin izana, eta hori hiriko mugikortasun arazoen ondorioz eta lineen ordutegietan nahikoa aldaketa egin ez izanagatik gertatzen dela deritzote, ez langileen erruz.
Horren aurrean, Dbusek komunikatu bat plazaratu du, bere bertsioarekin. Azaldu dutenez, “Konpainiako langile bat kaleratzeko hartutako erabakiak, jakinda azken hamazazpi urteetan enpresak ez duela horrelako erabakirik hartu, eta langileak egindako alegazioak aztertu ondoren, ez du zerikusirik lineen ordutegiekin edo batzuetan hirian gertatzen diren trafiko arazoekin, baina bai, ordea, zuzendaritzaren ustez, Dbusek eskaintzen duen eta konpainiaren gainerako langileek ahalegin handiz eta eguneroko jardunean ematen duten zerbitzuaren kalitatearekin bat ez datorren jokabide batekin”.
Astelehenean egin moduan, etzi udaletxearen aurrean elkarretaratuko dira berriz ere Dbuseko langileak. Aurreikusitako hirugarren eta azken protesta izango da.