EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk akordioa sinatu dute Bretxaren kudeaketa publikoa izan dadin
Ohikoa ez den formatuan, EAJren, PSE-EEren eta EH Bilduren logoak dituen dokumentua igorri die komunikabideei Donostiako Udalak. Hiru alderdiek akordioa lortu dute Bretxaren kudeaketa berriz ere publikoa izan dadin.
Tokiko Gobernu Batzordeak otsailaren 20an onartu zuen Bretxako Merkatua ustiatzeko eta kudeatzeko esleipen kontratua bertan behera uzteko espedientearen hasiera. “Legeak ahalbidetzen dituen mekanismoak aktibatuz”, Baika Mercados SL enpresari egindako adjudikazioa bertan behera uztea eta bere kudeaketa bukatzea du helburu. Arrazoi nagusia da enpresa ez zela agindutakoa betetzen ari.
Honela, enpresak hainbat alegazio aurkeztu arren, udalak baztertu eta “adjudikazioaren balioa jakiteko” prozedura irekiko du, “enpresari behar den kalte ordaina ordaintzeko”, eta enpresak “udalari eragin dizkion kalteak” aztertzeko prozedurari bide emanez.
Neurri hauek hartzearen helburua da adjudikazioaren iraungitzea eta esleipena udal administrazioaren esku uztea, udalak Arkuak eta Arrandegi eraikinaren kudeaketaren ardura har dezan.
Akordioa lortu duten alderdiek adierazi dutenez, “elkarlanean” jarraituko dute “Bretxa eremuak jatorrian izan zuen funtzioa zati batean behintzat berreskuratzeko, eta eremuaren kudeaketa publiko baten bitartez, auzoan dauden hainbat beharrei aurre egiteko”.
PP, erabakiarekin kritiko
Borja Corominas PPren bozeramaileak kritikatu egin du EAJren, PSE-EEren eta EH Bilduren akordioa, eta jeltzaleei leporatu die “ezker donostiarraren ajeak bere egitea”: “Zergak igota, merkatuetan esku hartuz, gehieneko prezioak mugatuz, etxebizitza hutsen desjabetzea mehatxatuz eta hartutako konpromisoak hautsiz baino ez dakite kudeatzen”. “Donostiarrentzat batere ona ez den bide bat egiten ari da EAJ, EH Bilduren eta PSOEren eskutik”, gehitu du. Halaber, Corominasen ustez, halako erabakiek “hiri hobe bat eraiki nahi duten inbertsore pribatuak” aldentzen dituzte.