«EH Bilduk beti defendatu du Bretxaren kudeaketa zuzena»
Udalak Arrandegi eta Arkuak eraikinen kudeaketa berreskuratu izana "albiste ona" dela adierazi du Juan Karlos Izagirre bozeramaileak.
Bretxaren kudeaketa publikoa bermatzeko akordioaren berri eman zuten atzo EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk. Horrela, udalak Parte Zaharreko eraikin multzo hori berreskuratuko du. Akordioaren biharamunean, Juan Karlos Izagirre EH Bilduko bozeramaileak agerraldia egin du udaletxean xehetasun gehiago emateko eta balorazio zabalagoa eskaintzeko. “Formula hau herritarrentzat eta udalarentzat onuragarriena da, interes orokorra nagusitzen delako”, adierazi du Izagirrek.
“EH Bilduk beti defendatu du Bretxaren kudeaketa zuzena. Hala nola, planteatzen diren erabilerak Parte Zaharrean eta Erdialdean dauden beharrak asebete behar dituztela zerbitzu eta ekipamenduen bidez”, nabarmendu du EH Bilduko bozeramaileak.
1990eko hamarkada bukaeratik Bretxak izan duen kudeaketa pribatua kritikatu du Izagirrek: “Orduan hartutako erabakiek, hiriko merkatu tradizionalak pribatizatuz (Bretxa, San Martin, Gros), merkatu horien esentzia eta izaera desagerrarazi zuten eta eraikin enblematiko horietan frankizien irekiera ahalbidetu zuen. Donostiak hura guztia galdu zuen”.
2011-2015 legealdian Bilduren udal gobernuak akordio bat sinatu zuen Bretxaren emakidadunarekin. “Kanona murriztearen truke, Arrandegi eraikinaren kudeaketa zuzena udalari pasa zitzaion. Eta herritarrekin adostu genuen eraikin horri emango zaion erabilera, honako hauek barne: Osasun zentroa (zazpi urteko atzerapenarekin ireki dena eta birdimentsionatua, donostiarren kaltetan), kirol kantxa eta gimnasio kardiobaskularra (azkenean ez dena gauzatu eta proiektutik desagertu dena), erabilera anitzeko gelak, eta abar”, azaldu du Izagirrek.
Parte Zaharreko anbulatorio berria 2017an irekitzea adostu zuen Bilduren udal gobernuak Eusko Jaurlaritzarekin. Hain zuzen ere, orduko osasun sailburu Jon Darponekin. Era berean, bizilagunekin batera erabaki zuten beste espazioen erabilera. “Eta zer gertatzen da? 2015-19 legealdia iritsi zen eta, horrekin batera, beste akats bat Bretxaren historian: atzera pausu bat eman zen, eta inbertsio-funts baten esku utzi ziren berriro Bretxako eraikinen zein obren kudeaketa», gogoratu du Izagirrek. “Orduan egin genuen, eta orain egin dugu. EH Bildutik ikusi dugu EAJ-PSE-EEren lehen udal gobernuak hartutako erabakia okerra izan zela, eta autokritika egitea dagokiola. Ezin da erantzukizunik saihestu Bretxari buruzko kontakizuna egiterakoan”, gaineratu du.
«Erabaki okerrak»
2015-2019 legealditik hona “erabaki okerrak” hartu direla esan du Izagirrek: “Atzerapen nabarmenak obretan, baita erabat geldirik egon ere. Horri gehitu behar zaio anbulatorioaren irekieran atzerapena, 2017rako aurreikusia eta duela bi hilabete inauguratua, hauteskunde aurreko testuinguruan. Bestalde, onartezina iruditzen zaigu emakida hartzailearen onerako egin den espazioen banaketa. Esate baterako, anbulatorio berrirako beheko solairuko azalera 280 metro koadrokoa izatea, 2015erako aurreikusitako hasierako azalera 900 metro koadrokoa zenean”.
Indarrean dagoen legealdi hasieran, Bretxako afera konpontzeko udal gobernuarekin harremanetan jarri zen EH Bilduren udal taldea. “Azaroan galdera zehatz bat egin genuen, eta horren ondotik dator bilera bat alkatetzarekin eta gai hau lantzen ari den batzordearekin. Lan handia, lankidetzan oinarritua eta diskretua egin dela esan dezakegu. Eta balioa ematen diogu horri guztiari”, azaldu du Izagirrek.
Horrekin batera, EH Bilduko bozeramaileak haren udal taldearen konpromisoa nabarmendu du: “Eta esan behar dugu EH Bildu ez balitz negoziazio mahai honetan sartu, gaur beste egoera batez ariko ginatekeela. EH Bildu da proposatzen duena iraungitze bidezko ebazpena aplikatuz, zerbitzuak berriro lehiaketara ez ateratzeko aukera aztertu eta bigarren aukera bat baloratzea: bi eraikinak berreskuratu eta espazio horiek udal administraziotik zuzenean kudeatzea”.