75 urtez artisten elkargune eta sustatzaile
Gipuzkoako Artisten Elkartea bere 75. urteurrena ospatzen ari da. Donostian egin du bere ibilbide guztia elkarteak, eta Gipuzkoako artista ezagun zein ezezagun asko eta asko pasatu dira handik. Herrialdeko artearen panoraman eragin zuzena izan du urteotan guztiotan, eta gorabeherak izan baditu ere, hasierako helburuarekin funtzionatzen jarraitzen du: arte ederrak sustatzea, horien inguruko formakuntza eskaintzea eta askotariko artisten elkargune izatea.
Aldapetako aldapa igo, eta Summa ikastetxea pasatuta, eskuinetara dago Gipuzkoako Artisten Elkartea. Atea gurutzatu, eskailerak jaitsi, eta jazz musika entzuten da, Sofia Arostegi Parra elkarteko presidenteak (Ategorrieta, 1960) eta Lourdes Mora Olea zuzendaritzako kideak (Intxaurrondo, 1958) azaldu digutenez, une horretan pintura klasea ematen ari den irakasleari jazz erritmora lan egitea gustatzen zaiolako. Espazioa ez da txikia, baina txiki gelditzen ari zaie, egin diguten bisita gidatu inprobisatuan agerian gelditu denez: begiratzen duzun tokira begiratuta ere, koadroak, eskulturak, zeramikazko piezak, grabatuak eta bestelako lanak ikusten dira, lan egiteko ez ezik, obrak gordetzeko espazioa ere bada eta.
Grabatua lantzeko gela —elkarteak bezain beste urte izango dituen torkulu handi bat duena—; astoz, koadroz eta pintura usainez beteta dagoen margoketa gela eta elkarteko hainbat bazkideren lanek osatutako erakusketa txikia ere erakutsi dizkigute. Artea arnasten da elkartean, eta ez da gutxiagorako, 75 urte bete baititu. 75 urte artistei lan egiteko, formakuntzarako eta elkartzeko espazio bat eskaintzen, artea sustatzen eta kultur panorama elikatzen. Jazzaren bolumena pixka bat jaitsi, eta, orain bai, elkarrizketa abiatu dugu.
Frankismo bete-betean sortua
Gipuzkoako Artisten Elkartea 1949an sortu zen, Arostegik azaldu zuenez, «hainbat intelektualek» elkartzeko beharra ikusi zutelako: «Bereziki artistak ziren elkartearen sorreran egon zirenak, baina baita bestelako arloetako intelektualak ere; beharra ikusi zuten Gipuzkoako abangoardia artistikoa bilduko zuen erakunde bat sortzeko. Hasi ziren Gipuzkoako artista guztiei deitzen, eta gehien-gehienek elkartearekin bat egin zuten hasieratik. Elkargune bat zen elkartea, eta egitasmoak antolatzen hasi ziren segituan, hala nola, hitzaldiak eta lehenengo arte azoka, Trinitate plazan egin zutena».
Modelo xelebre bat izaten zutela dio Ugartek, baita ere: «Txantxillo egon ohi zen, eta batzuetan lo hartzen zuen»
Ricardo Baroja margolaria izan zen elkarteko lehenengo presidentea, eta elkartearen 75. urteurrenaren harira ondu duten dokumentalean Juan Antonio Garcia Marcos idazleak azaldu duenez, beste hainbat pertsona ezagun pasatu ziren kargu horretatik XX. mendean: «Agustin Ansa, Antonio Laso, Carlos Sanz, Amable Arias, Ruiz Balerdi eta Manuel Jose Garcia Pascual, besteak beste».
Elkartea jaio eta berehala, hainbat artista elkartearen jarduna eta arte panorama bera modernizatzeko lanetan hasi ziren, Arostegik kontatu duenez: «Jose Antonio Sistiaga eta Esther Ferrer, adibidez, panorama modernizatu nahian zebiltzan, eta segituan sartu zuten elkartean modelo biluziak margotzeko ideia, Parisko akademia handietan egiten zen moduan. Hori gaur egunera arte mantendu dugu, eta gure inguruan aukera hori eskaintzen duen espazio bakanetakoa gara».
Hain zuzen ere, Ricardo Ugarte artistak dokumentalean nabarmendu du elkarteak eskaintzen zuen formakuntzak garrantzi handia izan zuela garai hartako artistentzat: «Formakuntza lan handia egiten zen elkartean, bereziki, Ascensio Martiarenaren eta Jesus Gallegoren eskutik, eta baita Bitxori Sanzen eskutik ere». Sarritan, modelo xelebre bat izaten zutela dio Ugartek, baita ere: «Txantxillo [Santiago Hernandez Redondo] modelo gisa egon ohi zen, eta batzuetan lo hartzen zuen modelo gisa zegoen bitartean».
Bestalde, garaiko zentsura ere gogoratu du Ugartek, dioenez, modelo biluziekin egiten zituzten margoketa saioak «klandestinitatean eta nahiko diskrezioz» egiten zituzten, «gortinak eta bionboak» jarriz, kanpoko inork jakin ez zezan bertan hori egiten ari zirela, «gotzainak elkartea itxi zezakeelako bestela». Horrekin lotutako beste bitxikeria bat ere kontatu du artistak dokumentalean: «Hitzaldiak antolatzen genituenean, baimena eskatu behar genuen eta esango genuen guztia jasotzen zuen testua bidali behar genuen Gobernu Zibilera. Baimena ematen baziguten ere, hitzaldira polizia sekretu bat bidaltzen zuten, baina segituan antzematen genuen. Beraz, arteaz eta halakoetaz hitz egiten hasten ginen, eta poliziak lo hartzen zuen, aspertuta. Eta orduan hasten ginen nahi genuenaz hitz egiten».
Gipuzkoako Artisten Elkarteak garrantzi eta eragin handia izan zuen XX. mendeko euskal artearen berpizkunde hartan
Bitxikeriekin jarraituta, 1964an Jose Luis Zumeta, Jose Antonio Sistiaga eta Rafael Ruiz Balerdi protagonista izan zituena gogoratu behar da, Sistiagak berak dokumentalean azaldu zuena. Donostiako Udalak 8.000 pezetako diru laguntza kendu zion elkarteari urte hartan, eta, aldi berean, diruz lagundu zituen elkartetik gertu zegoen elkarte gastronomiko bateko lanak. Horren aurrean, prentsaurreko bat antolatu zuten, eta elkarte gastronomikoetan egiten den moduan, ekintza poetiko gisa, kazetarien aurrean txuleta bat jatekoak ziren Zumeta, Sistiaga eta Ruiz Balerdi. Azkenean, ordea, Sistiagak baino ez zuen jan, eta besteek protestaren nondik norakoak azaldu zizkieten ondoren prentsaurrekora bertaratutakoei.
Elkartearen papera
Bitxikeria guztien gainetik, bereziki nabarmendu behar da Gipuzkoako Artisten Elkarteak garrantzi eta eragin handia izan zuela XX. mendeko euskal artearen berpizkunde hartan. «Denok ezagutzen ditugun artista handi horiek egindako gauza asko egin zituzten elkarteak ematen zielako elkartzeko espazio bat. Elkartze horretatik bururatu zitzaion Sistiagari Gaur taldea sortu behar zutela; hemen elkartzen zirelako sortu zen mugimendu hori», azaldu du Arostegik. Ildo beretik jo du Ugartek dokumentalean: «Nahiko gaztea nintzen orduan, eta askotariko artistekin harremana izateko balio izan zidan elkarteak; adiskidetasun giro handia zegoen».
«Gure helburu nagusia da arte ederren inguruko formakuntza eta sustapena. Elkartea artistek lan egiteko espazio bat da»
Sofia Arostegi Parra, Gipuzkoako Artisten Elkarteko presidentea
Era berean, Gaur taldearen belaunaldiaren ondoren ere pasatu dira elkartetik ibilbide esanguratsua izan duten artistak, Arostegik nabarmendu duenez: «Koldobika Jauregi, Aurora Bengoetxea, Jose Manuel Abalos, Adrian Ferreño, Marta Cardenas, Hilario Bravo, eta abar. Egia da elkartea zentratuagoa egon dela azken hamarkadotan ikastaroetan eta halakoetan. Izan ere, gure helburu nagusia da arte ederren inguruko formakuntza eta sustapena. Elkartea artistek lan egiteko espazio bat da, euren formakuntzarako espazio bat eta elkartzeko espazio bat».
Urteurrena eta beste
75. urteurrenaren bueltan, aipaturiko dokumentala ondu dute, eta elkarteak euskal artean izandako eraginari buruzko liburu bat prestatzen ari dira, Garcia Marcosekin elkarlanean. Horrez gain, zenbait jarduera berezi ere antolatzen ari dira, Arostegik kontatu duenez: «Elkarteak hainbat urtez antolatu zuen pintura lehiaketa berreskuratuko dugu abenduan, jendea margotzera animatzeko aproposa dela iruditzen zaigulako. Elkartean jasoko ditugu artelanak, eta Ernest Lluch Kultur Etxean sari banaketa eta erakusketa egingo ditugu. Eta, hemendik aurrera, bi urtean behin jarraitu nahi dugu lehiaketa antolatzen. Bestalde, urrian, elkarteko bazkideen erakusketa kolektibo bat egingo dugu Okendo Kultur Etxean, eta, udaberrian, Txillida Lekun marrazketa jardunaldi bat antolatuko dugu, nahiz eta oraindik ez daukagun data zehaztuta».
2025ean borobilduko dute urteurrena, Gipuzkoako beste artista elkarte batzuekin erakusketa kolektibo handi bat antolatuz. «Izan ere, Gipuzkoako Artisten Elkartea da gurea, baina praktikan, Donostiakoa da elkartera etortzen den jende gehiena, eta herrialde osora zabaldu nahi dugu gure jarduna», nabarmendu du presidenteak.
Eguneroko jardunari dagokionez, elkartea irekita dago egunero bazkideentzat, 09:00etatik 21:00etara, klaseak egon edo ez. Halaber, bazkideei zeramika, grabatu, marrazketa eta margoketa ikastaroak egiteko aukera sartzen zaie ordaintzen duten kuotaren barruan, eta baita modelo biluziak marrazteko saioak ere. Horrez gain, bazkideentzako zein bazkideak ez direnentzako irekiak diren ikastaroak antolatzen dituzte batzuetan, baina bazkideentzat merkeagoak direnak. Horrez gain, elkarte barruan zein kanpoan erakusketak antolatzen dituzte, eta baita hilabetero Bulebarrean egiten duten arte azoka ere.
Bestalde, arte plastikoetatik harago doa elkartearen jarduna, bizpahiru hilabetean behin Ostiral Poetikoak antolatzen baitituzte: «Poesia eta literatura talde bat dago elkartean, oso indartsua, eta errezitaldiak antolatzen dituzte, baita urteroko poesia eta kontakizun laburren lehiaketa ere», kontatu du Arostegik.
«Talentua, egon, badago. Agian, talentu asko dago, baina ez da asko zabaltzen eta aitortzen euren lana»
Lourdes Mora Olea, Gipuzkoako Artisten Elkarteko kidea
Gaur egun, 229 bazkide ditu elkarteak, 134 emakume eta 95 gizon —zuzendaritzan, bost emakume eta bi gizon daude—. Hau da, gizon baino emakume gehiago daude elkartean, eta zuzendaritzako kideek diotenez, historikoki ere emakume asko pasatu dira elkartetik. Hain zuzen ere, emakume horiei guztiei aitortza egiteko beharra mahai gaineratu du Arostegik: «Dokumentalean ez dira emakume asko ateratzen, eta, egia esan, orain pentsatu dut hurrengo urteurrenerako-edo, elkarteko emakumeen inguruko dokumental bat egin behar dugula. Izan ere, hemendik pasatu dira emakume artista handi asko: Bitxori Sanz, Ana Maria Parra, Pilar Soberon, Sara Beiztegi, Martina Dasnoy, eta abar».
«Talentua badago»
Jose Luis Zumeta, Jose Antonio Sistiaga, Esther Ferrer, Jorge Oteiza, Eduardo Txillida, Amable Arias, Tomas Hernandez Mendizabal eta XX. mendeko halako euskal artista handiak ia edonork ezagutzen ditu, baina, segur aski, euskal artista garaikideak ez dira hain ezagunak publiko orokorrarentzat. Horren inguruan hausnartu dute bazkideek: «Talentua, egon, badago. Agian, talentu asko dago, baina ez da asko zabaltzen eta aitortzen euren lana. 1949tik aurrerako garai hartan, oso artista onak zeuden, baina ez zeuden egun bezainbeste artista, eta gehiago zabaltzen zen zeuden horien lana», nabarmendu du Morak. «Egia da, baita ere, gaur egun indibidualistagoak garela, eta ibilbide aitortua duten artistak, normalean, ez direla hona etortzen lan egitera, euren tailerrean gelditzen direlako. Garai hartan, aldiz, denak etortzen ziren elkartera», gehitu du Arostegik.
Halaber, talentua egonda ere, gero eta arte gutxiago saltzen dela deitoratu dute elkarteko kideek: «Artea ez bada saltzen, arte hori egiten duen pertsonaren obra ez da aitortzen. Txillidak saldu izan ez balu, bere bizilagunek baino ez zuten ezagutuko. Eta gaur egun, artea saltzea kostatzen denarekin, zaila da aitortza lortzea», azaldu du Morak. Horrela ere, Arostegik argi dauka arteak bizi-bizirik jarraituko duela: «Merkaturik gabe, artistak ezin dira artetik bizi, baina momenturen batean buelta eman beharko zaio egoerari. Hala ere, artea ez da inoiz hilko eta beti egongo da artea egingo duen jendea, adierazpen modu bat delako. Eta, talentua dagoen bitartean, elkarteak jarraituko du izaten artisten elkargune eta sustatzaile».