Dbuseko gidariaren kaleratzea ez dute aurrekari bat izatea nahi
Gaur eguerdian Dbuseko hainbat langilek bigarren elkarretaratzea egin dute udaletxearen aurrean. Astelehenean elkartu moduan, gaur ere Despidorik ez! leloa duen kartelarekin egin dute protesta. Atzo, berriz, autoen karabana egin zuten hirian barrena.
Dbuseko enpresa batzordea astelehenean hasi zen mobilizazioekin, kaleratzea gaitzetsi eta langilea bere lanpostura itzul dadin eskatzeko. Kasu hau ez dute aurrekari bat izatea nahi, antzeko arrazoiak erabilita Dbusek beste langile batzuk kanporatu ditzakeelako.
“Enpresak otsaila-martxoan ireki zion espedientea kaleraturiko gidariari. Ibilbideak atzerapenarekin betetzen zituela jaso zuen txostenean, eta hori nahita egiten zuela, komunera maiz joaten zelako. Ordea, atzerapen horiek sortzeko faktoreak asko dira: abiadura, zirkulazioa eta beste. Espedientearekin langilea lekualdatzeko edo kaleratzeko aukera zuten, eta botatzea erabaki dute”, azaldu du LABeko delegatu Fidel Arizmendik. “Gertaturikoa aurrekari bat izan daiteke. Gidari honekin egin dutena, beste langileekin egin dezakete. Arazo hau geratu egin behar da”, gaineratu du Iñaki Oiarzabal ELAko delegatuak.
Enpresa batzordearen arabera, kaleratzearen arrazoia da gidariak bere ibilbideak batez besteko denboran baino gehiagoan egin izana, eta hori hiriko mugikortasun arazoen ondorioz eta lineen ordutegietan nahikoa aldaketa egin ez izanagatik gertatzen dela deritzote, ez langileen erruz.
Horren aurrean, Dbusek komunikatu bat plazaratu du, bere bertsioarekin. Azaldu dutenez, “Konpainiako langile bat kaleratzeko hartutako erabakiak, jakinda azken hamazazpi urteetan enpresak ez duela horrelako erabakirik hartu, eta langileak egindako alegazioak aztertu ondoren, ez du zerikusirik lineen ordutegiekin edo batzuetan hirian gertatzen diren trafiko arazoekin, baina bai, ordea, zuzendaritzaren ustez, Dbusek eskaintzen duen eta konpainiaren gainerako langileek ahalegin handiz eta eguneroko jardunean ematen duten zerbitzuaren kalitatearekin bat ez datorren jokabide batekin”.