Kokaina gaindosiaz heriotza, Donostiako Tabarin kabaretan
Kabaretak, parrandak, emakume biluziak dantzan, kokaina, heroina eta morfina salgai farmazietan... Pelikula bateko eszena dirudi, baina Donostiaz ari gara. Orain 100 urte baino gehiago, aristokratentzat eta burgesentzat festa latzak izaten ziren hiriko kabaretetan. 1917an, «kokainaren bizioak» aristokrata gazte bat hil zuen arte.
Atzera begira jartzen garen bakoitzean, sinestezinak diren pasarteak eskaintzen dizkigu gure hiriak. XX. mendearen hasieran, nork esango luke droga ilegalik ez zela, eta Donostian heroina, opioa eta kokaina edozein farmaziatan eros zenezakeela? Halaxe da, bai. XX. mende hasierako Donostia elegante eta hantustearen ifrentzua ederki jaso zuen Juan Carlos Uso Arnal historialariak Norte de Salud Mental aldizkariko artikulu batean.
Donostia turismorako hiri gisa sortzen ari ziren XIX. mende amaieran. Hotel, bainuetxe, jolas parke, tranbia eta beste hainbat «atrakzioren» artean, hiriko burgesiak 360 graduko eskaintza turistikoa sortu asmoz, gaueko aisialdiak ere bere lekutxoa behar zuen; jakina baita, parrandak eta gehiegikeriak ez dira bart asmatu!
Kabaretak hirian
Garaiko modei jarraituz, hainbat kabaret ireki zituzten hirian, aristokrata eta burgesentzat aisialdirako gune bihurtu zirenak, eta garaiko prentsan iritzi kontrajarriak piztu zituztenak. Maxim’s eta Tabarin kabaretak Reina Victoria antzokiaren behealdean zeuden. Zehatzago esateko, Lyon D’Oren ondoan zegoen Maxim’s, eta Tabarin kafetegi horren sotoan.
Itxuraz, zuzeneko musika zuten gaueko jatetxe eleganteak ziren, moda paristarren ildotik, dantzaleku bihurtzen zirenak. Publizitatean baieztatzen zutenez, «neskatila seikote zoragarria» zuten Tabarinen eta ikuskizun bereziak eskaintzen zituzten: «Souper dansant», «diner artistikoak», «dantza modernoak» eta, noski, «edertasun txapelketak»: «Dena frantses erara, eta Parisko Tabarinen bezala, dantza, eskote, aurpegi polit eta oin txikien lehiaketa izango da».
Prentsaren zati batek begi onez ikusi bazituen ere, gehiengoak kritika egin zien kabaret hauei: «Lizunkeria», «bizioa», «orgiak» eta bestelako «gehiegikeriak» sustatzen zituztela eta.
Kokaina gaindosia
Gauak, orduan ere, desfase eta gehiegikeriaz beteta zeuden. 1917ko urrian, hain zuzen, gertakari dramatiko bat jazo zen Tabarinen. Juan Carlos Usok jaso zuenez, itxuraz, gau normala zen 1917ko irailaren 18a, asteartea. 21 urte besterik ez zituen Joaquin Santiago-Concha y Tineo, Villanueva del Sotoko kondea, Tabarinera joan zen. Aristokrata gaztea bakarrik agertu zen gauaren hasieran, galdera batzuk egin zizkion langile bati, «mesed batzuk eskatu zituen» eta erretiratu egin zen. Ondoren, 4:30ak aldera itzuli egin zen, eta lehen artatu zuen langile berak eta han zeuden pertsona batzuek «egoera apur bat anormalean» zegoela ohartarazi zuten. Tabernako mahaietako batean eseri zen, inolako konpainiarik gabe, eta hor hasi zen alkohol eta droga festa.
Hasiera batean, inork gutxik egin zion jaramon, gaueko bizitzan «ohikoa» zelako jarrera hori. Kronikan jasotzen denez, eskuaren atzealdean jarri ondoren esnifatzen zuen kokaina, eta «bere buruaren jabe ez zenez», musikari bat toxikoaren kutxatxoa kentzen saiatu zen. Kondeak okerrera egin eta «langileekin liskarra» sortu ondoren, kabareteko zuzendaritzak berak «etxera joateko gonbidapena egin zuen».
Lokaletik irteeraraino lagundu, eta auto batean sartu zuten aristokrata gaztea. Kondea bizi omen zen eraikinera iristean, eraikineko atezainak gidariari esan zion ez zuela jaun hori ezagutzen —sei egun besterik ez zeramatzan Donostian—. Orduan, gidariak atea ireki zuen bere etxea zein zen galdetzeko, eta bidaiariak konortea galdu zuela ikusita, zuzenean Sorospen Etxera eramatea erabaki zuen. Han hil zen, itxura guztien arabera, kokaina gaindosiaren eraginez.
Polizia eta klase desberdintasunak
La Voz de Guipuzcoa-k, kronikaz harago, orduko kontraesan sozialak azaleratu zituen bere albistean: «Atzo aristokrata gazte bat hil zen Sorospen Etxean, kokainaren bizioak jota. Ez dugu burua galdurik ilea erauziko ezta damuturik kopetak errautsetan hondoratuko ere, Villanueva del Sotoko konde gazte dohakabea 21 urterekin hil delako degenerazioak eta bizioak modan jarri duten infernuko drogaz intoxikatuta. Coll poliziaburuari ere ez diogu atseginik emango, atzo kazetariei protesta egiteko eskatu baitzien, mediku errezetarik gabe kokainak, morfinak eta sublimatuak saltzen direlako, horretarako baitago, hain zuzen ere, Polizia, galarazteko betebeharra duena. Hori barrakero gaixoekin sartzea baino askoz garrantzitsuagoa da, ondorioak desberdinak izan arren!».
Klase arazo nabarmena zegoela baieztatzen zuen kazetariak, eta —100 urte geroago gertatzen den gisara— Poliziak klasearen arabera jokatzen zuela salatu zuen: «Aurreko egunetan esan genuen, eta gaur berriro diogu, Poliziak bi neurri dituela. Taberna edo taberna-zulo batean langile bat mozkortzen bada borroka merke samarrarekin, guardiak eta agenteak gainera erori eta… gizajoa! Baina luxuzko jatetxe batera jauntxo bat iristen da, kokainarekin mozkortzen da, dirua eskatzen du, langileekin liskarrean aritzen da, modu txarrean botatzen dute eta ez da guardiarik agertzen jasotzen duenik eta agian heriotza saihestuko zuenik».
Drogen debekua
Zalaparta galanta sortu zen hurrengo egunetan hiriko prentsan, eta Maxim’s eta Tabarin aldi baterako ixteko eskatu zuen gobernadore zibilak. Gutxira, berriz ere zabaldu zituzten, baita hirugarren kabaret bat ere: Les Papillons de l’Amour. Soilik tximeleta hegoekin jantzita joaten ziren neskak zeuden, eta mutilek «lentejuelazko estalki ñimiñoen atzean ezkutatzen zituzten lotsaizunak». Azkenean, 1923an, Primo de Riverak debekatu zituen gisa honetako parranda aretoak.
Horrenbeste harrotu zituen hautsak gertakariak, Espainiako Gobernuak drogen salmenta eta kontsumoa arautzeko neurri berriak hartu zituela. Droga legalen eta ilegalen arteko bereizketa jaiotzear zen.