Kontuz bidaltzen duzun horrekin…
WICKED LITTLE LETTERS
Zuzendaria: Thea Sharrock.
Urtea: 2023.
Herrialdea: Erresuma Batua.
1920ko hamarkada. Littlehampton kostaldeko hirian, hala Edith Swan emakume eredugarri eta elizkoia nola herriko beste biztanle batzuk ere, hizkera xelebre bezain lizunez idatzitako gutun eskandalagarriak jasotzen hasiko dira. Lehen Mundu Gerraren aztarna nabaria da tokian; herri txikia da, denek ezagutzen dute elkar eta komunitate mesfidatia osatzen dute.
Hala, lehertu berri den eskandaluak iraultza txiki bat suposatuko du herrikideen artean, zeinak aurreiritzien putzuan erori eta Rose Gooding auzokide askearen eta oldarkorraren gain jarriko duen fokua. Jatorri irlandarreko migrantea eta ama ezkongabea da Gooding, sorgin ehiza honen ildo patriarkala oraindik irudikatu ez duzuenontzat.
Bada, gutunek herria suntsitzen jarraitzen duten bitartean, bere intuizioa jarraitzea erabakiko du Gladys Moss poliziak —emakume agente bakarra izateagatik gutxietsiak izan ohi dira bere peskizak—, eta bere kabuz egingo du lan, herriko beste hainbat andreren laguntzarekin, misterioa argitu eta nahaste horren guztiaren benetako erruduna harrapatzeko.
Komedia beltzaren hegian dantzari, filmak aktore protagonisten talentu neurgaitzean oinarrituriko maila oneko entretenimendua eskainiko dio pretentsio handirik gabe hurbiltzen den ikusleari: Olivia Colmanek, Jessie Buckleyk eta Anjana Vasanek interpretazio handienen triangelua osatu dute, filmeko bilbearen gainetik hegan egiteraino. Horixe bera da, ordea, filmaren ahulgune nagusia: aurrera egin ahala, interpretazio joko horretara mugatzen dela.
Edonola ere, lan dotore eta gozagarria da, sarkasmoz pozoiturikoa. Izan zitekeen zorrotzagoa, osatuagoa, baina aspaldiko partez, izango dugu aukera emakumeak arautik askeago, mozkor eta mihigaizto, eta gizonak —guztiak— higuingarri aurkezten dituen film batekin gozatzeko.