Satorralaiak Dbuseko langileak babestu ditu, udalaren mugikortasun politikak kritikatuz
Dbuseko enpresa batzordeak lankide baten kaleratzea dela eta eginiko salaketarekin bat egin du Satorralaia bizilagunen mugimenduak. Sindikatuek diotenez, kaleratutako gidariak bidaiak batez besteko denboran baino gehiagoan egin izana hiriko mugikortasun arazoen ondorioz gertatu da, eta ez da inola ere langilearen errua.
Udalak mugikortasunaren arloan daraman “politika okerra eta autobus zerbitzu publikoaren aurrekontuen gabezia” salatzen dute sindikatuek. Ildo horretan, Satorralaiak Dbusen areagotzen ari diren arazoek Donostiako Metroaren obrak eragindako “diru xahuketarekin eta hiri erdialdean eragindako trafiko aldaketa kaotikoekin lotura zuzena” dutela nabarmendu nahi izan du. “Ezin dugu ahaztu, gainera, metroaren proiektuak Dbusen murrizketa garrantzitsuak egitea planteatzen duela etorkizunean, hiriko garraio publikoari kalte eginez”.