DBD martxa zikloturista arrakastatsua egin dute aurten ere
Larunbatean egin zuten Bera Berak antolatutako 22. Donostia-Baiona-Donostia martxa zikloturista, eta balorazio ona egin dute antolatzaileek, oso arrakastatsua izan baitzen. Guztira, 1.367 lagunek hartu zuten parte martxan, eta iaz ez bezala, eguraldia lagun izan zuten: “Parte hartzaileek zein boluntarioek egun polit batez gozatu ahal izan zuten”, nabarmendu dute antolatzaileek.
Horrela, eskerrak eman dizkiete parte hartzaileei: “Urtez urte gure martxan izena ematea erabakitzen duzuelako eta bide batez gure kirol elkarteko hainbat kirol atal laguntzen dituzuelako”. Era berean, martxaren babesle eta laguntzaile guztien lana ere eskertu dute, eta, bereziki, Bera Berako laguntzaile eta boluntario guztiena: “Guztira 200dik gora izan dira, izugarria izan da. Zikloturismo atalak bere bizikletak egun batez utzi eta martxako bidegurutzeak zaindu eta seinalizazioa bikain egiten dute. Karate, errugbi, eskubaloi, saskibaloi, boleibol eta gainontzekoak, muntatze, helmugako zerbitzu guztiak, kontsigna eta desmuntatze lan izugarria egin dutelarik”. “Honek guztiak motibatu egiten gaitu eta indarra ematen digu edizio berri bat prestatzen hasteko”, gaineratu dute.
Aurten, Marino Lejarreta (Berriz, Bizkaia, 1957) eta Arantzazu Lekuona (Berastegi, 1981) txirrindulari ohiak omendu ditu DBDk, eta beraiek ere egon ziren larunbateko martxan. Kursaaletik abiatu ziren txirrindulari guztiak 08:00etan, eta Manteo kiroldegian bukatu zuten, batzuk ibilbide laburra eginda (82 kilometro eta 1.531 metroko desnibela) eta beste batzuk ibilbide luzea eginda (121 kilometro eta 2.005 metroko desnibela). Bi ibilbideetan, Jaizkibel bi aldiz igo eta jaitsi zuten txirrindulariek —joanekoan Lezotik igo ziren eta itzulerakoan Hondarribitik—; Urruñaraino joan ziren ibilbide motzekoak eta San Inazioko leporaino joan ziren ibilbide luzekoak.