Azoka eta literaturarekin lotutako egitarau zabala prestatu dituzte Liburuaren Nazioarteko Egunerako
Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko da apirilaren 23an, eta Donostia Kulturak eta Liburu denden elkarteak azoka antolatu dute Gipuzkoa plazan, urteroko legez. Azoka 09:15-20:00 bitarte egongo da zabalik, eta liburu denden hamabi stand egongo dira. Egun horretan azokan eta liburu dendetan liburuak erosten dituztenek %10eko deskontua izango dute. Gainera, liburuak erosteagatik, txartelak banatuko dira. Horiekin opari liburuak eta %5eko deskontu txartelak lor daitezke.
Donostia Kulturako Liburutegi Zerbitzuak ere informazio gune bat izango du azokan, eta bertan eguneko programari buruzko informazioa emango du, baita liburutegien zerbitzuei buruzkoa ere. Hurbiltzen direnentzat orri markatzaileak egongo dira eskuragarri, Ana G. Lartitegi ilustratzaileak liburuaren eguna dela-eta egin duen diseinua.
Gainera, Aspargi Gipuzkoako Parkinson elkartearen eskutik, Salsa para tu coco liburuaren aleak oparituko dizkiete liburuak erostean txartel saritua lortzen dutenei.
Hainbat jarduera egunean zehar
Apirilaren 23an, 12:00etan, Itziar Ugartek Harkaitz Cano aurtengo azokako idazle gonbidatua elkarrizketatuko du, eta ondoren, irakurleen liburuak sinatuko ditu. Harkaitz Cano sorkuntza prozesu askotan egon da murgilduta azken urteetan, eta azokaren antolatzaileek gaurko prentsaurrekoan nabarmendu dutenez, Liburuaren Nazioarteko Egunean “bereziki nabarmendu” nahi dituzte bere azken liburuak: Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez, 2023koa, euskaraz, gazteleraz eta katalanez argitaratu dena; Ulu egiteko bolondres bila, 2023koa; eta Ni ez naiz Mikel Laboa, 2022koa, komikiaren gidoilaria kasu honetan, Unai Iturriagarekin batera.
13:45ean Luis Maria Jimenez de Aberasturik Javier Sadari, Donostiako kronista ezagunari, elkarrizketa egingo dio. Eta azken orduan, 19:00etan, Liluratu! Irakurle taldeen gomendioak saioa egingo da. Jarduera guztiak Donostia Kulturako karpan izango dira.
Ibilbide literarioa
Ibilaldi literarioak, aurreko edizioetan bezala, azokatik haratago eramango ditu literatura zaleak. Luis Martin-Santos idazlearen jaiotzaren mendeurrenean, Javier Mina idazleak ibilbide literario bat egingo du Tiempo de silencio liburuaren egilearen arrastoei jarraituz. Taldea 10:30ean aterako da azokatik, eta parte hartzeko eskaera egin behar da alderdiederliburutegia@donostia.eus posta elektronikora idatziz.
Egitaraua osorik esteka honetan ikus dezakezue.