'Baloreak' erakusketa zabaldu dute Udal Liburutegi Nagusian, Giza Eskubideen Zinemaldiaren barruan
Giza Eskubideen 21. Zinemaldiko Baloreak erakusketa ikusgai dago maiatzaren 4ra arte Udal Liburutegi Nagusian, Alderdi Ederren. Nerea Kortabitarte kazetari donostiarrak idatzitako eta hamabi emakume gipuzkoarrek ilustratutako izen bereko liburuaren isla da erakusketa hau: Ane Garmendia, Jone Taberna, Julia Lasa, June Martin, Maialen Arocena, Maore Sagarzazu, Nerea Bermejo Bermi, Naiara Goikoetxea, Noelia Sierra NoEz, Patri Taberna, Sara Essery eta Zuriñe Uriarte artistek hartu dute parte.
Liburuaren hitzaurrea Noelia Lorenzo Pino idazleak sinatu du. “Baloreak ibilbide poetiko bat da, hamabi emakumeren ilustrazioak eta hamabi balio unibertsal biltzen dituena. Hitzaren iraultza isilaren bidez, Bidasoa ibaiko migratzaileen drama aditzera ematen du”, azaldu dute antolatzaileek.
Honako ordutegia du erakusketak: astelehenetik ostiralera 10:00-20:30, eta larunbatetan, 10:00-14:00 eta 16:30-20:00.