«Erronka bat da udalarentzat, toki entitate txikia egitura ezezaguna delako»
Igeldoko galdeketaren emaitzak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko orduko, lanean jarraituko dute udalak eta Igeldoko Herri Kontseiluak.
Eneko Goia alkateak igandeko Igeldoko herri galdeketaren inguruko balorazio orokorra egin du Tokiko Gobernu Batzorde osteko prentsaurrekoan. “Erantzuna garbia izan da, eta prozesuak aurrera jarraitzen du igandeko emaitzekin”, azaldu du Goiak. Igeldon erroldatuta dauden 1.067 lagunetatik 462 bizilagunek eman zuten botoa, %46 inguru, eta horien %85 —391 boto— Igeldoko Toki Erakundearen aldekoak izan ziren. Aldiz, kontrakoak 65 boto izan ziren, lau boto zuri eta bi baliogabe.
Hemendik aurrera eman beharreko pausoen berri ere eman du alkateak: “Emaitzak sinatu eta Gipuzkoako Foru Aldundira bidali genituen, aldizkari ofizialean argitaratu ditzaten. Hurrengo egunetan izatea espero dugu. Horrekin batera, txosten osoa bidaliko diogu aldundiari. Izan ere, erabaki formala hartzea aldundiari dagokio. Horretarako, bi txosten egin beharko dituzte, juridikoa eta ogasun sailekoa. Biak aldekoak badira, Igeldoko toki entitate txikia onartu ahalko da”. Epeak ere eman ditu, eta uda baino lehen eratzea aurreikusten du.
Prozesua konplexua izango dela aitortu du Goiak, eta lan asko egin beharko dutela bi aldeek. Hau da, udalak eta Igeldoko Herri Kontseiluak. Toki entitate txikia abian jartzeko kudeaketa talde bat osatuko dute Igeldoko herritarrek, eta egitura horren baitan udal teknikariak ere egongo dira zerbitzuak bideratzeko. “Fase desberdinak adostu genituen bi aldeen artean, eta zein zerbitzuk eskaintzen has daitezkeen garbi zehaztu genuen. Baliabideak daudenean zerbitzu horiek urtebeteko epean abian jartzea da helburua”, nabarmendu du alkateak. “Entitate txikiaren intereseko esparruak daude, eta legeak baimentzen dituenak bideratuko dira”, gaineratu du.
Baikortasuna
Goia baikor agertu da Igeldoko toki erakunde txikiarekin, eta ilusioarekin hartu du: “Erronka bat da udalarentzat, toki entitate txikia egitura ezezaguna delako”. Horrekin batera, bi aldeek lorturiko adostasunari garrantzia eman dio. “Bide baten hasieran gaude, eta balioa eman nahi diot lorturiko adostasunari. Borondate hori aurrerantzean mantentzea espero dut, Igeldo eta Donostiaren arteko harremana ona izan daitekeelako bi aldeentzat”, azaldu du alkateak.