Dbusen zerbitzuak lehengoratzea eta hobetzea eskatu dute hiriko hainbat auzo elkartek
Donostiako hainbat auzo elkartek bilera bat egin zuten atzo arratsaldean, Dbusen azken murrizketak aztertzeko. Hiriko garraio publikoaren kudeaketaz aritu ziren, eta auzo elkarte guztien izenean gutun bat prestatu zuten. Idatzi horren bidez, Dbusen zerbitzuak lehengoratzea eta hobetzea eskatu diete Olatz Yarza Mugikortasuneko zinegotziari, Mariaje Idoeta auzoetako zinegotziari eta udal taldeei.
Bileran auzo elkarte hauek parte hartu zuten: Bidebietako Bideak, Antiguako bizilagunak, Txomiñeneko Lanberri, Erdialdeko Urumea elkartea, Martuteneko Sarroeta, Egia Bizirik, Martutene Bizirik eta Igeldoko bizilagunak. Era berean, Dbuseko LAB sindikatuko ordezkari bat bilerara joan zen.
Udal ordezkariei bidalitako gutunak honela dio: “Elkarteek erabaki dugu Donostiako Udal Gobernuari eskatzea murriztutako zerbitzuak berehala berreskuratzeko eta hobetzeko. Mugikortasun eta auzoetako zinegotziek donostiarren beharrei erantzuteari uko egin diotenez, bat egitea eta dinamika bateratu bati ekitea erabaki dugu. Izan ere, murrizketak ezarri aurretik, zerbitzua defizitarioa zen auzo askotan. Orain, hainbat autobus lineatan egindako murrizketek egoera okertu dute, eta herritarren artean arazo sozial bat sortu da. Irtenbidea zerbitzua lehengoratzea eta hobetzea da, eta, horretarako, funtsezkoa da aurrekontua berrikustea. Hemendik gutxira, prentsaurreko bat eta ekintza bateratu bat egingo ditugula aurreratu nahi dugu, eta espero dugu auzo eta elkarte gehiago batzea”.