Igogailu publikoen ordutegia goizaldera arte luzatzea aztertzen ari dira udalean
Igogailu publikoen ordutegia 1:00ak arte luzatzeko aukera aztertzen ari dira udalean. Horixe adierazi zuen Hiri Mantentze lanetako Carlos Garcia zinegotziak astelehenean, Espazio Publikoaren batzordean, El Diario Vasco egunkariak jaso duenez. Batetik, segurtasuna hartzen ari dira kontuan, erabilera bi orduz luzatzeak erosotasun eta lasaitasun handiagoa ekarriko liekeelako erabiltzaileei; eta bestetik, igogailuak irekita mantentzeak mantenmenduan eta funtzionamenduan eragingo lituzkeen kostuak ari dira aztertzen.
Eztabaida errepikakorra da hirian; kasu honetan, baina, PPk Morlanseko igogailu inklinatua ixteko ordutegiari buruz egindako interpelazioaren bitartez mahai gaineratu zen afera. Igogailuek, 7:00etatik 23:00etara bitarte funtzionatzen dute, baina bizilagun askorentzat ez da nahikoa. Batzuek hasiera ordua baino lehen erabili nahiko lukete; gehientsuenek, berriz, itxiera orduaren ondoren funtzionatzen jarraitu dezala eskatzen dute, gauean ere aldapa luzea saihesteko.
Gaia “konplexua” dela diote udaletik, eta erabaki bat hartu baino lehen segurtasuna, eta kostuak neurtzeaz gain, sor dezaketen zarata ere neurtu beharko dutela. Hori horrela, momentuz ez dute baztertzen egun seinalatuez harago, mugikortasun elementu horien gaueko ordutegia zabaltzea.