Altzako kiroldegian atzemandako itoginak konpontzen ari dira
Altzako kiroldegian antzemandako itoginak konpontzeko lanak hasi dituzte; izan ere, azken asteetan agertu dira horiek, batez ere aldagelen inguruan.
Iñaki Gabarain Kiroletako eta Bizitza Osasungarriko zinegotziak adierazi duenez, “obrek zortzi aste iraungo dute gutxi gorabehera, baina faseka egingo dituzte. Horietako bakoitzak bi aldagelari eragingo die, eta gainerakoak martxan egongo dira. Adierazi denez, jarritako hodien kalitatea zen horien arrazoia, eta, beraz, konpontzen ari dira”.
Martxoan, kiroldegiaren zerbitzua gelditu egin behar izan zuten itoginak agertu zirelako. Orain, hodiak sendoagoak eta hobeak diren beste batzuekin ordezkatzen ari dira, eta, era berean, horien ondoriozko kalteak konpontzen ari dira.
Donostia Kirolak ABEEari (aldi baterako enpresa elkartea) eskatu dio akats horiek zuzen ditzala, eta horien gastuei aurre egin beharko dietela. Altzako kiroldegiak inauguratu zenetik bi urte beteko ditu aste honetan.