Bretxa ingurua urbanizatzeko proiektua datorren astean onartuko du udalak
Bretxako Merkatuaren aferak aurrera jarraitzen duen bitartean, Donostiako Udalak oraindik bukatzeko dauden lanak egiteko pausoak eman nahi ditu. PSE-EEren udal taldeak aurreratu duenez, datorren astean Bretxa ingurua urbanizatzeko proiektua onartuko dute. Hain zuzen ere, hori da Baika enpresa emakidadunak bertan behera utzitako obretako bat, eta emakida kontratua etetea bultzatu duen arrazoietako bat.
Iragan otsailaren 16an, udalak enpresari jakinarazi zion Aldamar eta Iñigo kaleetako urbanizazio osagarriko obren hasiera, merkatu tradizionala lekuz aldatzeko obren hasiera eta obra horiek gauzatzeko lizitazio prozeduraren hasiera “nahitaez” egikaritu behar zituela, eta, hortaz, “modu subsidiarioan eta emakidadunaren kontura” izango direla. Kontratua iraungitzea prozedura administratiboa hasi berritan, udalak bere gain hartuko du aipaturiko kaleetako urbanizazioa, eta Bretxako plazaren zati bateko bideak eta espaloiak egokitzeko proiektua.
Juantxo Marrero Obra eta Proiektuetako zinegotzi sozialistak El Diario Vasco egunkariaren bitartez eman ditu Bretxako urbanizazioaren xehetasunak. Lanen aurrekontua 657.408 eurokoa izango da (BEZ-a barne), eta epea hamabi astekoa izango da. Proiektua onartu ondoren, lizitazioa udan onartuko dutela aurreikusten du Marrerok, eta lanak bere horretan irailean onartu nahi dituzte, urrian urbanizazioari ekiteko.