Bretxako afera «luzea eta konplexua» izatea aurreikusten du udalak
Arrandegi eta Arkuak eraikinen kudeaketa publikoa izango da EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk sinaturiko akordioari esker. Horretarako, Bretxako Merkatuaren emakida kontratua eteteko txostena helarazi diote Eusko Jaurlaritzari, eta hari dagokio eskaera onartzea.
Sei urte beteko dira laster Bretxa eta ingurua berritzeko lanekin hasi zirenetik. Donostiako Udalak 2018. urtean onartu zuen Parte Zaharreko eremu horren plan berezia, eta atzerapenak bata bestearen atzetik pilatu ditu. Hori dela eta, EAJren eta PSE-EEren udal gobernuak eta EH Bilduren udal taldeak Bretxako Merkatuaren emakida kontratua bertan behera uztea adostu zuten otsailean. Hiru udal taldeen arabera, Baika enpresa emakidaduna ez da agindutakoa betetzen ari, eta, ondorioz, lanak geldirik egon dira denbora luzez.
Pasa den astean, berriz, EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk akordio bat sinatu zuten, Bretxako Arrandegi eta Arkuak eraikinen kudeaketa publikoa izan dadin. Erabaki horren inguruko txostena Eusko Jaurlaritzaren Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari helarazi zioten, eta horren inguruko ebazpena bi hilabeteko epean jasoko du udalak. Eneko Goia alkateak aitortu du prozedura administratiboa «luzea eta konplexua» izango dela. Era berean, ez du uste «baketsua» izango denik, enpresa emakidadunak auzitara jotzeko aukera duelako.
Hain zuzen ere, Baika enpresak hainbat alegazio aurkeztu dituen arren, udalak guztiak baztertu ditu eta «adjudikazioaren balioa jakiteko» prozesua abiatu du: «Enpresari behar den kalte ordaina ordaintzeko eta enpresak udalari eragin dizkion kalteak aztertzeko». Orain, Eusko Jaurlaritzaren erantzunaren zain dago udala, abiaturiko prozedurarekin aurrera egiteko.
Elkarlana
Bretxaren kudeaketa publikoa berreskuratzeko «elkarlanean» jarraituko dute EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk. Horrela jakinarazi zuten pasa den asteko adierazpen bateratuan: «Bretxa eremuak jatorrian izan zuen funtzioa zati batean behintzat berreskuratu nahi dugu eremuaren kudeaketa publiko baten bitartez, auzoan dauden hainbat beharrei aurre egiteko».
Sozialistek eta jeltzaleek ez dute harturiko erabakiaren inguruko baloraziorik egin. EH Bilduk, ordea, bai. Juan Karlos Izagirre bozeramaileak «albiste ona» dela adierazi du: «Formula hau herritarrentzat eta udalarentzat onuragarriena da, interes orokorra nagusitzen delako». Horrela ere, kritiko agertu da 1990eko hamarkada bukaeratik Bretxaren «kudeaketa pribatua» baimendu duten udal gobernuekin. «Orduan hartutako erabakiek, hiriko merkatu tradizionalak pribatizatuz (Bretxa, San Martin eta Gros), merkatu horien esentzia eta izaera desagerrarazi zuten», azaldu du Izagirrek.
2011-2015ko legealdian Bilduren udal gobernuak akordio bat sinatu zuen Bretxaren emakidunarekin. «Kanona murriztearen truke, Arrandegi eraikinaren kudeaketa zuzena udalari pasatu zitzaion», gogoratu du Izagirrek. Arrandegi eraikinean osasun zentroa eta kirol instalazioa jartzea adostu zuten, besteak beste. «2015-2019ko legealdia iritsi zen eta, horrekin batera, beste akats bat Bretxaren historian: atzerapauso bat eman zen, eta inbertsio funts baten esku utzi ziren berriro Bretxako eraikinen zein obren kudeaketa. EAJren eta PSE-EEren lehen udal gobernuak hartutako erabakia okerra izan zen, eta autokritika egitea dagokio. Ezin da erantzukizunik saihestu Bretxari buruzko kontakizuna egiterakoan», nabarmendu du Izagirrek.
Osasun zentroa eta kirol instalazioa
Donostiako Udalak otsailean inauguratu zituen Arrandegi eraikineko osasun zentroa eta kirol instalazioa, plan berezian aurreikusitakoa baino askoz beranduago. Esaterako, anbulatorioa 2017an irekiko zela adierazi zuen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Atzerapen askorekin bada ere, Parte Zaharreko herritarrek eskura dute urtetan eskaturiko osasun zentroa. Lau solairu ditu, 2.185 metro koadroko azalera eta Aldamar kalean du sarbidea. Osasun Sailak 6,8 milioi euro inbertitu ditu.
Kirol instalazioari dagokionez, Orixe ikastolak erabiliko du, udalarekin horrela adostu ondoren. Ekainaren 21era bitarte izango dute horretarako aukera. Kirol instalazio berriek 1.029 metro koadroko azalera erabilgarria dute, eta eraikinaren beheko solairutik dute sarbidea, Aldamar kaletik. Ekainetik aurrera, aurreikuspena da Orixeren erabilera lehentasuna mantentzea, baina auzoko beste behar batzuei ere erantzunez.
Anbulatorioa eta kirol instalazioa inauguratuta, oraindik beste lan batzuk hasi eta bukatu gabe daude. Besteak beste, jatorrizko merkatuaren lekualdaketa —plaza azpitik Arrandegi eraikinera—, baserritarren behin betiko kokapena eta urbanizazio lanak. Horien inguruko aurreikuspenik ez du eman udalak.